<<<Nagusira

 

 

puntubi.com

 

puntubi.com

 

>Donostia   

 

Ametzagaņa izeneko inguruan Goi-Paleolitikoko lanabesak agertu dira, 1.700 pieza inguru horiek giza okupazioren aztarnarik zaharrenak dira. Arkeologia kontuetan zaletutako herritar batek, Paco Barriok, aurkitu zituen aztarnategiko lehen arrastoak, ezustean. Isturitze eta Aizpitarte haitzuloetako bizilagunen garaikidetzat jotzen dira. Ametzagaņako muinoa urtaro aldi baterako bizileku izan zitekeen. Ehiztariak ziren eta, animalien atzetik ibiltzen ziren. Orein, bisonte, uro eta akaso mamutak ere ehizatzen zituzten duela 25.000 urte eta leku honek abantailak zituen zeregin horretarako.

Kristo aurreko lehen mendean, Erromatarrak Euskal Herrira iritsi zirenean, euskal tribuetako baskoien eta barduliarren lurraldea zen Donostia eta Oiarso izeneko itsaso portua zegoen bere eki-iparraldean, Pasaia eta Irun bitartean. Euskara zen bertakoen hizkuntza eta bizirik dirau egun ere. Gaur egungo Antigua auzoan, Hernani izenez aipatzen ziren lurretan, San Sebastian izeneko monasterioa zegoen. Monasterio horren lehen erreferentzia idatzia dokumentu faltsutu batean agertzen da: Antso III.a Gartzes Nagusiak Leireko monasterioari egindako dohaintzan (1014) alegia. Hala ere, 1101ean, Pedro I.a Nafarroa eta Aragoiko erregeak berretsi egin zuen Antigua auzoko San Sebastian monasterioa Leireri eginiko dohaintza. Donostiako itsaso aldeko lurrak "Izurun" izenaz ere aipatzen ziren eta azken dokumentu honetan esaten da lehenengoz Urgull mendiaren ondoan hiri bat dagoela.

Akitaniako Leonor Frantziako Luis VII.a Gaztearekin ezkondu zenean (1137), Gaskoniako lurraldeak Frantziarren eskuetara pasa ziren, baina, Luis VII.arekin ezkontza zapuztu eta Enrike II.a Plantagenetekin ezkondu zenean (1152), zenbait gaskoi jendea beren lurretatik erbesteratu eta, Bidasoa eta Oria artean finkatu ziren (hiriko zenbait toponimiotan ageri da haien arrastoa: Montpas, Urgull, Morlans, Polloe etab). Nafarroarekin merkataritzan ziharduen portu nagusia Baiona zen, baina bokalea itsutu zenean, baionesek Gipuzkoako itsaso portuetara jo zuten eta bertatik jarraitu zuten Nafarroa Garaiarekin harremanetan.

1180 inguruan, Antso VI. Jakituna erregeak Hiri-Gutuna edo "frankoen forua" eman zion (1150 - 1194) eta bertan finkatutako gaskoiei zenbait erraztasun eman zien, baita ere, salerosketen gaineko zerga berezirik ez ordaintzea eta zenbait merkatal abantaila. Hiri-Gutuna jaso aurretik portu eta hiri sendoa zen Donostia, balea eta bakailaoaren arrantzan batez ere. Gipuzkoako gaskoiek eskatuta bereziki, Baionako apezpikua biziki saiatu zen Donostia eta Hernanialdeko lurrak bere eliz barrutira eramaten, aurretik Irun eta Oiartzun aldea bereak ziren bezala; ez zen horrelakorik gertatu, baina gaskoiak bultzaturik eraiki ziren San Bizente (XV - XVI.m) eta berreraiki Santa Maria (1743 - 1764) elizak Donostian.

Aurretik, Urgulleko gazteluaren aipamenik ezagutzen ez bada ere, dagoeneko hiriaren gotor egituraren partea izango zen. 1194. urte inguruan, Antso VII.a Azkarrak "La Mota" izeneko gaztelua eraikiarazi eta Urgull gaina gotorrago egin omen zuen. Arrantza portu izateaz gain bestelako itsaso-komertzioan ere hasi zen Donostia. 1199ko martxoan, Iohane Bidauri aipatzen zen Nafarroako "tenente". 1200ean, ordea, Gaztelarrek Gasteiz setiatu eta garaitu ondoren Gipuzkoako kostaldea eraso zuten, Nafar Estatuaren itsas portu estrategikoena hartu nahi zuten. Antso VII.a Azkarra Marokon zegoela aprobetxatuz, Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak Nafarroa zena inbaditu eta Araba eta Gipuzkoa hartzea lortu zuen, Donostia bereganatu eta gaztelua eta harresiak bere onerako sendotu zituen. Gaztelako erregeak emandako pribilegioei esker Donostiako agintariak isilarazi eta garapen ekonomiko handia lortu zuen. Merkatal portu garrantzitsu bilakatuta eta inguruko portuekin lehian hasi zen.

Errege gaztelarrak Diego Lopez Haro Bizkaiko V. jauna jarri omen zuen inbaditutako lurraldeetan arduradun. Urte haietako agiri batek gaztelarra erregetzat jotzen du Gaztelan, Araban, Kanpezun, Maraņonen, Gipuzkoan eta Donostian, eta Lopez de Haro, berriz, "tenente" Sorian, Naiaran, Maraņonen eta Donostian. 1200 eta 1205eko urte tarteko agirietan Alfontso VIII.ak behin eta berriro errepikatu zuen errege zela "in Alava et in Ypuzqua et in Sco.Sebastiano". Nafar erresumak ahaleginak egin zituen galdutakoa berreskuratzeko. 1234an, esate baterako, Teobaldo I.ak Blanca alabaren ezkontzaren bidez lortu nahi izan zituen Donostia eta Hondarribia, baina ezkontza ez zen egin.

Jauntxoen kontrako borroketan ez zuen esku hartu, baina Ermandadeetan sartu (1296) eta Batzar Nagusietan parte hartzen hasi zen (1397). Hala eta guztiz ere, 1366ko irailaren 23ko Libourneko Itunari esker, Nafarroak berreskuratu egin zuen Donostia. Itun horrekin eta geroago Kanpezun izenpetutakoarekin Karlos II.ak Gaztelako Pedro I.aren eta Enrike II.aren nahastea aprobetxatuz, saiatu zen lurraldea berreskuratzen; hainbat leinuren leialtasuna lortu eta horiekin Gipuzkoa zeharkatu zuen 1368an. Amezketako jauna, Pedro Lopez izendatu zuen "Donostiako barrutiko ibar-jaun eta kapitain", baina, 1373an berriro Gaztelak bereganatu zuen lurraldea.

1489an, "Santa Katalina" itsasgizonen kofradia sortu zen. Komuneroen matxinadan (1520 - 1522) Karlos I.aren alde egin, eta Nafarroako Enrike II.a Albretekoen kontra tropak bidali zituen (Noain eta San Martzialgo gudutara); ordain gisa Karlos I.ak "Hiri Txit Noble eta Leial" titulua eman zion (1522).

1597an, izurriak gogor astindu zuen Donostia. Kutsatutako jendea Santa Klara uhartean isolatzen zen. Gaztela eta Frantziaren arteko gerran, gipuzkoarrek Hendaia, Urruņa, Ziburu eta Donibane Lohitzune hartu zituzten (1636), baina, Pirineoetako Itunak amaiera eman zion franko eta espainiarren arteko liskarrari. 1719an, berriz, Berwic duke eta Frantziako mariskalak setiatu eta konkistatu egin zuen Donostia, hiru urtez egon zen Donostia frantsesen pean. 1728an, Caracasko Erret Konpainia Gipuzkoarra sortu zen eta horrek bultzada handia eman zion Donostiako merkataritzari. 1794an, Konbentzioko armada sartu zen eta hurrengo urtean Gipuzkoako Errepublikaren sorrera sinatu zen (1795 - VII - 22); nahiz eta hogeita hamabi egun geroago Basileako Itunarekin amaiera eman sinatutakoari. Napoleonek 1808ko martxoan hartu zuen hiria, baina, Wellington dukearen tropa espainiar-anglo-portugaldarrek Donostiako setioa antolatu zuten: hiriari eraso egin, erre eta suntsitu egin zuten (1813 - VIII - 31). Herritarrak Zubietan bildu eta hiria berreraikitzea erabaki zuten; Oraingo alde zaharrari Erdi Aroan zuen itxurari atxiki zitzaion (kale estuak, angelu zuzenak, konstituzio enparantza). Lehen Gerra Karlistan hiriak Isabel II.aren alde egin zuen, probintziako gainerakoek Don Karlosen alde zeuden bitartean. Karlistek hiria setiatu zuten, baina britainiar tropek setioa hautsi zuten (1835) eta Oriamendiko guduan porrota jasan arren, gerran, irabazle izan ziren.

Lehen Karlistadaren ondoren, Isabel II.a Espainiako erreginak Donostia aukeratu zuen udaldiak igarotzeko (1845) eta horrek hiria modan jarri eta aberastu egin zuen. Gipuzkoako hiriburua izendatu zuten (1854), Foru Aldundia Tolosan mantendu arren. Ondoren, harresiak bota (1864) eta hiria hedatu egin zen. Egungo hirigunea sortu zen. Antonio Kortazarren proiektuak irabazi zuen udalak deitutako lehiaketa eta zabalguneari haren izena jarri zioten, Urumea ibaiari lurra irabazi eta bertako paduretan auzo berriak sortu ziren. Donostia zerbitzutarako hiria bilakatu zen, 1863ko irailaren 1ean sartu zen lehenengo trena Gipuzkoan eta 1864an inauguratu zen Eifel ingeniariak diseinatu omen zuen Norteko geltokia.

Bigarren Gerra Karlistan liberalen alde jarri zen berriro eta karlisten setio eta bonbardaketak pairatu behar izan zituen 1875eko irailetik 1876ko otsailera arte. Bigarren Karlistadaren ondoren Alfontso XII.aren (1874 - 1885) bigarren emazte Maria Kristina erregeorde alargunak (1885 - 1902) Miramar jauregia hartu zuen udako egoitzatzat eta Donostia bihurtu zuen Espainiako Gortearen udaldiko hiri nagusia. 

Donostia "Belle Epoque" boladan sartuta zegoen: 1888an hasi zen eraikitzen Artzain Onaren eliza, 1953an katedrala izendatua, eta 1897an bukatu zen; 1912an inauguratu ziren Igeldoko funikularra, Victoria Eugenia antzokia eta Maria Kristina hotela. 1914an piztu zen Lehen Mundu-Gerra eta Europako jende dirudun asko etorri zen Donostiara, haien eraginez du Donostiak frantses estiloko etxe eta eraikuntza ugari. 1925ean Kasinoak eta jokoa debekatu egin ziren, orduan kasinoa eta gaur egun udaletxea dena itxi zuten. 1937ko uztailaren 18an Frankoren tropek Bigarren Errepublika Espainolaren kontra altxa eta diktadura ezarri zuten.

Espainiako eskuin faxisten altxamentuaren hasieran errepublikaren alde egin zuten donostiarrek, Loiolako koarteletan zeuden militarrak izan ezik, baina, 1936ko irailaren 13an Mola jenerala eta Beorlegiren tropek hiria hartu zuten. Zigor operazio batean 300 pertsona hil zituzten frankistek. Francoren diktadurapean kontzertu ekonomikoak ezabatu egin ziren eta Gipuzkoa eta Bizkaia "Probintzi traidoretzat" hartu zituen. Franco hil ondoren, Espainian erreforma egin zen eta 1978ko abenduaren 6an Konstituzio berria ezarri zen. Gernikako estatutuaren bidez, kontzertu ekonomikoak, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia (1981) berrezarri ziren.

Iturria: Elhuyar/ Lur/ Auņamendi

 

5.- Bidali informazioa

 

Zeri buruz:

Zure e-posta:

Idatzi hemen nahi duzun informazioa:

Zure izena (goitizena)