<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Euskara

Euskara da hizkuntza indoeroparrek hego-mendebaldera zabaldu aurreko bizirik mantendu den Europako antzinako hizkuntza bakarra. Hau da, Neolitikoan, K.a. 2000 urte inguruan, Pirineo bi aldeetara zabaldutako biztanleek mintzatzen zuten hizkuntza. Euskararen jatorri genetikoari buruz, berriz, ez dago oraindik gauza argirik. Erabilitako hipotesietan bat bera ere ezin da frogatutzat eman; ez eusko-iberiar; ez, eusko-kaukasiar; ez, eusko-berberiar ezta ere beste hainbat iritzi.

Jatorri genetikoa argitu ez bada ere, giza historiak berekin izan ohi duen harremanen ondorioz, euskara ez da hizkuntza isolatua izan. Gogora dezagun antzinatean euskarak hiztun-multzo zabala izan duela euskararen lurraldean; oro har, Kantabria mendikate eta Duero ibaiaren iparraldetik Garona ibairaino eta Pirineoetan, Kataluniako lurretaraino. Aurkitutako lehen hitzak Akitaniako hilarrietan aurkitutakoak izan daitezke.

Euskarak inguruko hizkuntzekin milaka urteko harremana izan du; hasieran, Iberiar penintsulako hizkuntz eta Europa Iparraldeko hizkuntza indoeuroparrekin. Erromatarrak Euskal Herrira etorri ondoren eta Kristau Aroa hastean, latinarekin; handik berehala, Erdi Aroko erromantze jaioberriekin: okzitaniera, gaskoi, aragoiera, gaztelania eta nafar erromantzearekin; Egun, berriz, gaztelania eta frantsesarekin; eta etorkizun laburrean, agian, ingelerarekin.

Historian zehar euskarak Antso VI.arekin izan zuen estatu aitortza ofiziala, Lingua navarrorum deitua, baina geroztik ez du izan agintari eta erakunde publikoen ezagutza ofizialik. Orain gutxi arte bederen eta hein handi batean, Eliza kalbindarrak lehenengo eta katolikoak gero hartu izan dute euskara bere pastoral-lanetarako, Joanes Leizarragaren "Testamentu Berria" (1571) eta Iruņeko zenbait agiritan eta Kalagorriko Arau Sinodaletan ikus daitekeenez (1600, 1621, 1700).

Hala eta guztiz ere, lehenagotik ezagutzen da herritar askoren hizkuntza bakarra zela. Gaztelako Fernando III.ak ezagutu zien Errioxa Garaiko euskaldunei (Ojakastro) erret epaileen aurrean euskara erabiltzeko eskubidea (1239). Donemiliaga Kukulako Iuso monasterioko liburutegian daude euskaraz idatzita ezagutzen diren lehen esaldiak: "Jzioqui dugu" (piztu dugu) eta "guec ajutuezdugu" (guk nahiko ez dugu) dira aipatuenak. Euskara bera aipatu gabe ere, Nafarroa behereko Forua da euskaldunei hizkuntz eskubideak aitortzen diona. Aitzitik, ofizialki ez zuten aukera bera izan beste zenbait Biltzarretan herritarren ordezkariek, adibidez Gernikan (1613 - 1633).

1918an Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako diputazioen babesean sortu zen Euskaltzaindia, Oņatin. Espainiako Gerra Zibilean, 1936ko autonomi estatutuak lehenengo aldiz eman zion euskarari koofizialtasuna (erabilpen estatus-ofiziala gaztelaniaren ondoan) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Loturak: Euskararen historia;

Iturria: Elhuyar