<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Donostiako setioa eta erretzea
Napoleon I.aren kontra Espainiako Independentzi gerran, Donostia frantsesen eskutatik libratzeko Wellington dukearen tropa anglo-portugesek eragindako setioa, eraso, erretze eta suntsiketa, 1813ko abuztuaren 31an. 1800az geroztik Donostia frantsesen menpe zegoen; 4.000 soldadu eta Donostiako puntu estrategikoetan ezarritakoan kanoi ugari zeuzkaten. Frantsesen aurkako ekintzan, Mendizabal jeneralak San Martin eta Urumearen eskuinaldea blokeatu zituen; frantsesek, blokeoaren aurrean, San Martin eta Santa Katalina inguruei su eman eta San Bartolomeko komentua sendotu zuten.
Graham jeneral ingelesak San Bartolomeko komentuari eraso eta bertako soldaduak errenditu ziren 1813ko uztailaren 18an. Harresietan ahulune bat aurkitu eta bertatik frantsesei eraso zieten; egun berean San Martzialgo bataila gertatu zenez, frantsesek ezin izan zuten kanpoko laguntzarik jaso, abuztuaren 31n. Frantsesen eta aliatuen arteko borroka gogorra izan zen, eta aliatuek garaipena lortzea kasualitate hutsa izan zen; harresi ondoan granada bat lehertu zen frantsesen munizioak leherrarazi eta frantsesen artean baja ugari sortu zituen. Eztandak frantsesak ustekabean harrapatu zituztenez, aliatuek erasotzeko aukera paregabea izan zuten; frantsesek Motako gaztelura atzeratu eta bertan bildu ziren. Donostiarrek lapurretak, arpilatze eta bortxakeria ugari jasateaz gain, hiria erre eta suntsituko zuen sutea ere jasan zuten. Wellington jeneralak frantsesei egotzi zien sutearen erantzukizuna, baina, gero frogatu zenez Espainiaren alde egiten zuten ingelesak berak izan ziren sua piztu zutenak.
Irailaren 8ra arte egon ziren frantsesak Motako gazteluan, defendatzeko gauza izan ez ziren arte. Donostiarrek Zubietan egindako bilera batean hiria berreraikitzeko konpromezua hartu zuten, Donostiaren egoera tamalgarria izan arren.
Iturria: Elhuyar; Luis Manuel Etxeberriaren artikulaua