Alfontso XII.a Espainiakoa
Alfontso XII.a Madrilen jaio zen 1857an eta bertan hil 1885ean. Espainiako erregea (1874 - 1885). Isabel II.aren semea.
1868ko iraultzaren ondorioz, bere amak Ingalaterrara erbesteratu zuen. Lehen Errepublika sortu zen eta Pavía jeneralak estatu kolpea eman ondoren, Martinez Campos jeneralak Alfontso XII.a errege izendatu zuen Sagunton. Espainian Berrezarpenari hasiera eman zion (Saguntoko altxamendua) eta Kubako independentziarako lehenengo gerra amaitu zuen. Bigarren Gerra Karlista amaitu zenean, 1869ko konstituzioa indargabetu eta 1876ko konstituzioa promulgatu zuen. Hego Euskal Herriko foruak erabat deuseztatu zituen.
Mendizabalen desamortizazio zela-eta aberastutako burgesiak eta armadak lagunduta,1869ko konstituzioa indargabe utzi zuen; segidan, zapaldu egin zituen mugimendu liberal, aurrerazale, errepublikar, eta zer esanik ez, anarkista eta foruzaleak. Euskal Foruak abolitu zituen 1876ko uztailaren 21ean eta foru-lurraldea probintzia bihurtu zuen. Alfontso XII.a tuberkulosiak jota hil zen El Pardon (Madril), 1885eko azaroaren 25ean. Azaroaren 27an Canovas del Castillo-k gobernu berria sortu zuen eta Mateo Sagasta buru jarri zuen. Alfontso XII.a Maria Kristina Habsburg-koarekin ezkonduta zegoen bigarren aldian eta Alfontso hil ondoren jaiotako semeak (1886ko maiatzaren 17an), Alfontso XIII.ak, jarauntsi zuen erregetza.
Loturak: >Lasala Fermin; Torkuato Mendiri;
Iturria: Elhuyar/ Lur Entziklopedia