<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Libourne-ko itunak

Gaztelako Pedro I.a Ankerraren eta Nafarroako Karlos II.aren artean Libournen sinatutako ituna (1366 - IX - 23). Gaztelan, Enrike II.a Trastamarakoak koroa hartu zuenean, Pedro Ankerrak Akitaniara ihes egin behar izan zuen (1366 - VIII - 1); bertan, Ingalaterrako Printze Beltzarekin bildu eta tratua egin zuen: laguntzaren truke Bizkaiko jaurgoa, hau da, Kastro, Bilbo, Bermeo eta Lekeitio Printzeak eskuratuko zituen.

Printze Beltzak aurrera egiteko ordea, Nafarroako lurrak zeharkatu behar zituen eta Pedro I.ak Gaztelako tronua berreskuratzeko Nafarroako Karlos II.a erregearen laguntza eskatu zuen. Karlosek Martin Enrikez Lakarrakoa bidali zuen Baionara (1366 - VIII -20) eta gero bera joan zen pertsonalki. Klausulak adostu eta gero, Libourneko Itun hau sinatu zuten. Itunaren arabera, Pedro I.a Ankerrak Nafarroa zeharkatzeko baimena izango zuen, eta ordainean, Karlos II.ak 200.000 urrezko florinez gainera, Araba eta Gipuzkoa osorik, eta Errioxako Logroņo, Kalagorri eta Nabarrete jasoko zituen, Tamarako Hitzarmenaren ondoren Gaztelak Euskal Herriari kendutakoak itzultzeko. Denek sinatu zuten Ituna isilpean gordeko zutela, baina, Enrike II.ak itunaren berri izan zuen. 

Zaragozako artzapezpikua bitartekari zela Nafarroako Karlos II.a eta Gaztelako Enrike II.a Kanpezun bildu ziren; Karlos II.ak Pedro I.ari eta Printze Beltzari Pirinioetako mugak ixtearen truke 60.000 urrezko dobloi eta Pedro I.ak eskainitako antzeko lurraldeak itzuliko zizkion. Dirudienez, Karlos II.ak bi aldetara itunak sinatu ondoren, Borjako gazteluan giltzaperatu zuen bere burua eta gertatzen zenaren zain geratu zen. Printze beltzak aurrera egin zuen, Enrike II.a Naiaran garaitu (1367 - IV - 3/6) eta Gaztelako tronuan Pedro I.a jartzea lortu zuen; baina gaztelarrak ez zuen hitzartutakoa bete eta Printze Beltza Karlos II.arekin eta Aragoiko Pedro IV.arekin bildu zen, lehenengo Oloronen eta gero Tarbesen (1367 - IX - 21). Gaztelarekiko politika hitzartu zuten: Karlos II.ak hitzartutako lurrak eskatu zituen, Pedro IV.ak Murtziako erresuma eta Printze Beltzak Bizkaiko jaurgoaren partea. Aragoiko Pedro IV.ak eta Enrike II.ak Pedro I.a Ankerra Montielen, Ciudad Real, garaitu eta hil egin zuten (1369 III - 23). Hitzartutakoak ez ziren bete eta Printze Beltza Ingalaterrara itzuli zen.

Iturria: Harluxet/ Menendez Pidal