Antso VII.a Azkarra edo Indartsua
Antso VII.a Azkarra 1154an jaio zen ez dakigu non eta Tuteran hil 1234an. Nafarroako XVI. erregea (1194 -1234), Antso VI.a Jakitunaren eta Leongo Santxaren semea. Bere arreba Berengela Ingalaterrako Rikardo I.a Lehoibihotzakin ezkondu zen.
Erregetu aurretik, bere koinatu Rikardo I.aren alde jardun zuen; lehenik Gaskoniako haren eskubideak babesteko (1192) eta ondoren, Frantziako Felipe II.aren kontra (1194). Bi ekintza hauen artean Mugaosteko merindadeko lurrak finkatuz joan ziren. Bere erregealdia aberastasun ekonomikoagatik nabarmendu zen batez ere. Hiru Erregeen Mahaiko batzarrean parte hartu zuen. Hainbat gudutan garaile gertatu eta Nafarroako erresumaren burujabetza sendoturik zegoenean, pixkanaka inguruko errege guztiei dirua mailegatu zien; bide horretatik, Aragoiko lurraldean zenbait gaztelu estrategiko lortu zituen. Ekonomiaren suspertze horrek garrantzi handiagoa eman zion penintsulako eta konkistako politikan.
1195ean Nafarroa eta Leongo erregeek musulmanekin ituna egin zuten Gaztelako eraso eta zabaltze feudaletik babesteko, Inozentzio III.a aita santua horren jakitun eginahal guztiak egin zituen Gaztela, Aragoi eta Nafarroa elkartu eta musulmanen aurka aritzeko. 1196an Hiru Erregeen Mahaia deitutako mendian bildu ziren. 1198an, Inozentzio III.a aita santuak eskomikatu egin zuen, Gaztelan berreskuratutako lur batzuk eta aita santuaren begi oneko ziren gaztelarren kontra aritzeko musulmanen aliatu izatearen aitzakiaz.
Alfontso VIII.ak Leongo erregearekin bakea eginda Aragoiko Pedro II.arekin hitzartu zuen euskaldunen erresuma banatzea (Calatayud, 1198). Antso VII.a Azkarrak arabiarren laguntza eskatu beste erremediorik ez zuen izan. Gero, Tremecen-eko Imulei Abdalai errege arabiarrak laguntza eskatu zion eta Nafarroako erregea Marokora joan zen; han zegoela aprobetxatuz, Aragoiko Pedro II.ak eta Gaztelako Alfontso VIII.ak Nafarroa arpilatzea adostu zuten, Gaztelako Alfontso VIII.ak Gasteiz setiatu zuen (1199 - VII - 5); gero, Araba eta Gipuzkoan sartu zen. Gobernariak aldatu zituen Gebarako leinukoaren ordez Haro-ko Diego Lopez II.a jarri zuen. Zazpi hilabeteko setioaren ondoren Gasteiz 1200eko urtarrilean errenditu zen, Antso VII.ak baimenduta, Nafarroak sekulako galera izan zuen, lur horiek nafar merkataritzaren berezko irtenbidea baitziren. Euskal Herritik Marokora mezulari bat atera zen eta erregeari kontatu zion gertatutakoa.
1202an bake eta lankidetzarako hitzarmena sinatu zuen Joan Lurgabea Ingalaterrako erregearekin, Rikardo I.a Lehoibihotzaren anaiarekin hain zuzen. 1207an, berriz, Antso Azkarrak eta Gaztelako erregeak Guadalajarako su-etena sinatu zuten. 1212an, Europan oso boteretsua zen elizaren presioren eraginez Antso VII.a Azkarrak, Navas de Tolosako ekintzan, arabiarren kontra parte hartu zuen. Iparraldean, Tartas, Ostibarre eta Agramont jaurerriak menpera ekarri zituen. Aragoiko Jaime I.arekin ondorengotza erabakitzeko hitzarmenak (Tutera 1231eko otsailaren 2.) ez zuen aurrera egin, nafarrek ez baitzuten onartu; Biana populatzea bultzatu zuen eta Nafarroako erresuman frantziar jatorriko dinastiak kokatu ziren; Teobaldo I.a Trobalaria izan zen lehena eta Antso VII.a Azkarra Orreagako Kolejiatan ehortzi zuten.
Loturak: >Agramont, Bibiano; >Baztan, Gartzia; >Raimundo Gilermo II.a; >Remiro Nafarroakoa; >Ximenez Gazolatzekoa, Pedro;
Iturria: Elhuyar/ Lur