Pedro I.a
Pedro I.a 1068an jaio zen ez dakigu non eta 1104an hil. Nafarroako XII. erregea (1094 - 1104) eta Aragoiko erregea (1085 - 1104). Antso V.a Ramirezen eta Isabel Urgelkoaren seme eta ondorengoa. Ramiro I.a Aragoikoaren biloba zen.
Aragoiko erresuma hedatu zuen: musulmanak Barbastro eta Huescatik bidali eta erresumari erantsi zizkion. Bere aitaren politikarekin ados egon zen; Bere aitarekin batera Sobrabe eta Ribagortzako errege izan zen (1085). Gaztela eta Leongo Alfontso VI.ari almoravideen aurka lagundu zion (1086), baina bataila galdu egin zuten. Cid-en lagun eta aliatua izan zen. Aragoiko erresuma hedatzeko asmotan, Estadan eta Cinca bailaran sartu (1087) eta Monzon hartu zuen (1089). Ondoren, Zaidin (1191), Fraga eta Almenar (1093) konkistatu zituen.
Bere aita Antso V.a Ramirez hil zenean Nafarroako errege bilakatu zen (1094). Huesca setiatu egin zuen (1094-95). Pedro I.ak, Cid-ek bidalitako laguntzarekin, Alcaraz-en irabazi eta Huesca bereganatu zuen (1096). Ekintza hau izan zen Aragoiko konkistako garrantzitsuena, bai militarki bai politikoki. Pedro I.ak Cid-i almoravideen aurka lagundu zion Valentzian; Bailengo batailan almoravideak garaitu zituzten (1097). Alfontso VI.a Gaztela eta Leongoari ere lagundu zion Toledon. Nafarroan Bardeak eta inguruetako lurrak bereganatzeari ekin zion: Milagro, Kaparroso, Santakara, Murillo (1098). Bere helburu nagusia Barbastro konkistatzea zen, eta lortu egin zuen (1100).
Jerusalem musulmanen esku egoteak Palestinarako espedizioan parte hartzera bultzatu zuen, Baina Paskual II.a aita santuak ideia hori baztertu eta Zaragoza konkista zezan bultzatu zuen (1101). Frantziarrek lagundu zioten, baina haiek ekintza hasi bezain pronto atzera egin zuten. Aran bailarako batailan hil zen (1104). Bi seme-alaba izan zituen, Isabel eta Pedro, baina oso gazterik hil ziren; hartaz, bere anaiordeko, Alfontso I.a Borrokalaria, izan zen Nafarroan ondorengoa.
Loturak: Pedro G. Mendozakoa; Roda, Pedro;
Iturria: Elhuyar