Wellington-go dukea (Arthur Colley Wellesley)
Arthur Colley Wellesley, Wellingtongo dukea, Dublinen jaio zen 1769an eta Walmer Castle-n, Kent, hil 1852an. Hornintong markesaren semea zen.
Gaztetan Ingalaterrako gudarostean sartu zen. 1796an Indiara bidali eta jeneral izendatu zuten segituan. Handik Portugalera joan zen Napoleon I.aren gudarosteak geldiarazteko. Frantsesen kontrako gerran, Espainiako Independentziako Gerran, Portugal eta Espainian tropa ingelesak gidatu zituen (1809). Aliatuen armadako buru izanik sartu zen Hego Euskal Herrian. Frantziarrak Gasteizko batailan garitu zituen (1813 - VI - 21) eta Donostia setiatu eta su eman ondoren, abuztuaren 31n, San Martzialen ere garaile izan zen. Baiona hartu eta Frantziako hegoaldea inbaditu zuen Okzitaniako Tolosaraino (1814).
Vienako kongresuan Ingalaterrako ordezkarietako bat izan zen (1814 - 15). Herbehereetan, aliatuen buru zelarik, Waterloo-ko bataila irabazi (1815) eta Frantzian okupazio-indarren komandante izan zen (1815 - 1818). Britainia Handiko lehen ministro izan zen 1828 - 1830 bitartean. Irlandar katolikoen eskubideak bermatzen zituen legea onartu zen bere agintaldian, baina ez, liberalak egin nahi zuten legebiltzarraren erreforma. 1830ean kargua utzi behar izan zuen eta politikatik aldendu zen 1846an. Gudarosteko komandante izan zen hil arte, 1852ko irailaren 14an.
Iturria: Elhuyar/ Lur