<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Konbentzio-Gerra

Konbentzio Gerra deitzen zaio Luis XVI.a gillotinatuz hil eta gero Europako monarkiek Iraultza Frantsesean sortutako Konbentzioaren aurka egindako gerrari (1793 - 1795). 

.- Konbentzio Gerra Gipuzkoa eta Euskal Herrian

1793ko apirilean adierazi zen Konbentzio-gerra. Euskal Herrian ordurako, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako foruak ezabatu eta Biarnorekin batera Pirineo Behereko departamentuan sartuak zituzten hiru herrialdeak (1790). Espainia aldeko tropak hiru frontetik sartu ziren Frantzian: Katalunia, Euskal Herria eta Aragoitik. 1793an Gipuzkoako foruen xedapenen arabera, Diputazioak bere aldetik boluntario konpainiak armatu zituen, eta elizako ondasunak baliatu zituzten horretarako. Gipuzkoarren eta nafarren laguntzarekin Ventura Caroren tropek Hendaia hartu zuten (1793), baina Frantziarrek aurre egin eta Bidasoatik barrena Gipuzkoan sartu ziren (1794 - VII). Moncey jeneral frantziarraren tropak Baztan, Oiartzun eta Donostiatik Tolosarako bidea hartu zuen. Frantziarren inbasioak Gipuzkoako egoera politikoa okerrera eraman zuen.

Donostiako konkista borrokatu gabe burutu zuten; donostiarrak errenditu egin ziren, frantziarren alde jartzeak arazoak konponduko zituelakoan. 1794ko abuztuaren 14an Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia Getarian bildu ziren, eta donostiar burgesiaren anexioa lortuz, Iraultzaren aldeko ideiei men egin eta eskaera formala egin zuten: Espainiako koroarekiko independentzia, foruekiko errespetua eta erlijio-askatasuna errespetatuko zuen Gipuzkoako errepublika Frantziara anexionatzea. "Erantzuna bakarra da", erantzun zieten: "Aparteko errepublika..., ez da posible. Gipuzkoarren askatasun antsiak ase daitezke Frantziako Errepublikaren parte izanik, eta kito." Frantziarrekin negoziazioak porrot egin eta frantziarrek Gipuzkoa konkistatzat hartu zuten abuztuaren 23an. Batzarrak desegin eta juntakideak atxilotu egin zituzten, Berroeta-Zarautz, Etxabe eta Romero izan ezik. 

Pinet-ek zera agintzen du: Apaiz, seglar edo erregular oro atxilotu eta Baionara eraman, elizak itxi... Frantziarrei aurre egiteko Foru-Aldundia berria sortu zuten Arrasaten, frantziarren menpe ez zeuden 18 herrietako ordezkariek, Oņati barne. Arrasateko akordioa sinatu zen (1794-XII-8), Arabari eta Bizkaiari eskatu zitzaien laguntza eta elizaren ondasunak baliatu zituzten dirua biltzeko. Espainiako erregeari leialtasuna ezagutu eta aurreko egoeraren arduradunak zigortuak izango zirela agindu zien. Ondasunak eta artxiboak gorde eta gero Gasteizera egin zuten atzera. Frantziarrek aurrera egin eta, Bizkaia eta Araba bere menpe hartu zituzten; bertako Foru-Aldundiek Burgosera ihes egin zuten. Frantziarrek Gasteiz konkistatu eta Miranda de Ebrora iritsi ziren. Bilbo ere Frantziarren esku erori zen eta Iruņea eutsi ezinik zebilen. Katalunian ere gauzak nahiko larri zebiltzan eta Hego Euskal Herria menderatu ondoren frantziarrek gipuzkoarren eskariak onartzea erabaki zuten, neutral izatearen truke.

Basileako Bake-hitzarmena sinatu baino 32 egun lehenago Chaudron Rousseau, frantziarren ordezkariak Donostian bildu zituen Romero diputatua eta Ureta idazkaria, Gipuzkoako independentzia egiaztatzen zuen dokumentua sinatzeko. Egoera horrela Karlos IV.ak sinatu zuen Basileako Bake-akordioa (1795 - VII). Independentzia eskatzeagatik gipuzkoarrak ez zigortzeko hitza eman zuen Espainiak. Alabaina, gerra-amaieran zenbait militar eta zibil donostiar epaitu eta hil egin zituzten, Donostia frantziarrei emateagatik.

 

.- Basileako Bake-akordioaren ondorioak

Lehenengo eta behin Foruen gainean sortu zen eztabaida gogorra. Hegoaldeko hiru probintziak Espainiako erregearen mende egonda ere Gipuzkoar, Arabar eta Bizkaitarrek uko egiten zieten behin eta berriro erregearen ejertzito erregularrean parte hartzeari eta haren agindupean jartzeari. Donostiako errendizioa eta Getariako juntaren jarrera izango da Gipuzkoari eta hiru probintziei zigor-epaia egiteko aitzakia. 1794ean gertatuak garai berria markatuko zuen estatua eta probintzien arteko harremanetan. Estatuaren erasoa hasi zen orduan, bereizketarik gabe, Gipuzkoari ez ezik hiru probintzi foralei sistematikoki. Nahi zuena ez zen, hainbeste, lege foralak aldatzea, errotik ezabatzea baizik.

Zalantzarik gabe, Frantzia eta Espainiako elkarrizketa hasi zenean bakea sinatzeko asmoz, Godoy-ren gobernua zur eta lur geratu zen frantziarren errebindikazio agendan ikustean Gipuzkoa zegoela trukerako gai eta Espainiako lurretatik bereizteko asmoz. Nahikoa izan zen hori, Goņiren esanetan, gorrotoa eta arrangura sortzeko espainiarrengan. Horregatik, behar bada, Basileako Bake-akordioa sinatu zenean eta frantziarrek Gipuzkoa espainiarren esku utzi zuenean Donostiako eta Gipuzkoako agintarien kontra eta foruen kontra aritu ziren etengabe. Horrela Cadizko konstituzioan (1812) ezabatu zituzten Euskal Foruak.

Loturak: >Agirre, Domingo Adrian; >Joan Antonio Iza; Urbina Luis;  

Iturria: Elhuyar / Lur Entziklopedia / Auņamendi