Franco Bahamonde, Francisco
Francisco Franco Bahamonde Ferrol-en, Galizia, jaio zen 1892an eta Madrilen hil zen 1975ean. Marokoko gerran parte hartu zuen (1912 - 1922). Espainiako Legioaren atzerritako buru (1923 - 1931); Espainiako "Caudillo" eta diktadorea izan zen (1936 - 1975).
Falange Españolako Jose Antonio Primo de Riverak Zaragozako Akademia militarreko buru izendatu zuen (1928 - 1931). Garai hartan jadanik Europako jeneral gazteena zen. 1931n, Bigarren Errepublika eratu berriak Balearretako Komandantzia militarrera bidali zuen. Gerrako ministroaren aginduz Asturiasko Iraultza Sozialista zapaldu zuen (1934); bertan, 3.000 hildako baino gehiago eta beste 30.000 zauritu eragin zituen. 1935ean, Gil Roblesek izendatu zuen armadako Estatu-Nagusiko buru eta Gerra Kontseilu Goreneko lehendakaritza bere esku gelditu zen. Herri Fronteak gaina hartu zuenean (1936ko otsailaren 16a) Kanarietako Komandantzia militarrera bidali zuten. Hala ere, harreman oso estuak gorde zituen marxismoaren garapena eragotzi nahi zuten gainerako buruzagiekin.
Afrikako osteak Bigarren Errepublikako gobernuaren kontra altxa zirenean (1936ko uztailaren 17a), hegazkinez Marokora heldu eta haiekin batera sartu zen Penintsulan. Alcalá Zamora erbesterarazi eta Espainiako Gerra Zibila piztu zuen. Urte berean bere burua estatuko gobernuburu izendatu eta diktadura ezarri zuen. Armada, eliza eta indar ekonomikoen babesa izan zuen; eta langileria, nazionalitateak eta burgesia txikia erabat zapaldu zituen. Gernika bonbardatu zuen nazi alemaniarrek lagunduta (1937). Irailaren 29an, Generalisimo izendatu zuten; 1938ko urtarrilaren 30ean Estatu Buru; eta Frankistek gerra irabaztean, Espainiako "kaudillo" izendatu zuten (1939ko ekainaren 5ean).
Bere diktadurapean, Euskal Herrian errepresio gogorra jasan zen: nazionalismoa, euskara eta euskal kultura deuseztatu nahi izan zituen.1969an Joan Carlos I.a bere ondorengo izendatu zuen. 1970ean, auzitegi militar batek ETA-ko 16 militante auzipetu zituen, "Burgosko prozesua" izenekoan, eta 1973an, Carrero Blancori eman zion estatuko buruzagitza. Hil aurretik (1975) FRAPeko hiru kide eta ETAko kide ziren Txiki eta Otaegi fusilatzea agindu zuen, 1975eko irailaren 27an eta bere diktaduraren garaian galdu zituen Espainiak Gaztelako inperioa izan zenaren Maroko iparraldea (1956), Ginea Ekuatoriala (1968), Ifni (1969) eta Sahara (1975).
Loturak: >Agirre, Joxe Antonio; >Manuel Fraga; >Pablo Gurpide; >Fernando Ibarra Lopez; >Joan Iglesias; >Julio Jauregi; >Manuel Maria Lejarreta; >Nafarroako brigadak; >Olarra Ugartemendia, Luis; >Oriol Urkijo, Jose Maria; > Queipo de Llano, Gonzalo; >Rubial Cavia, Ramon; >Unzeta-Barrenetxea, Augusto;
Iturria: Elhuyar/ Lur