Gipuzkoako errepublika edo protektoratua
Donostian, Konbentzio-gerran, sortu zen Gipuzkoako Errepublika edo protektoratua. 1794ko abuztuaren 3 eta 4an Frantziarrek Donostia konkistatu zuten, eta abuztuaren 14an Foru Aldundia Getariara pasa zen. Frantziarrei ezin aurre egin eta Batzar Nagusiak, donostiar burgesiaren anexioa lortuta, Iraultzaren aldeko ideiei men egin eta eskaera egin zuen, herrialdea Errepublika Frantziarrari "foralki" eransteko. J.F. Etxabe diputatua, Domingo Adrian Agirre eta beste diputatu horren alde izan ziren, baina, Moncey-k atzera bota zuen proposamena, zentralismo jakobinoaren kontrakoa zelakoan. Iraultzako agintariek ordurako, Lapurdiko, Nafarroa behereko eta Zuberoako Foruak ezeztatuak zituzten. Frantziarrek Gipuzkoa konkistatzat hartu zuten. Gipuzkoarrek Batzarrak desegin eta Foru-Aldundi berria sortu zuten Arrasaten. Frantziarrek Bizkaia eta Araba bere mende hartu zituzten eta bertako Foru-Aldundiek Burgosera ihes egin zuten.
Hego Euskal Herria menderatu ondoren frantziarrek gipuzkoarren eskariak onartzea erabaki zuten, neutral izatearen truke. Basileako Bake-hitzarmena sinatu baino 32 egun lehenago Chaudron Rousseau, frantziarren ordezkariak Donostian bildu zituen Romero diputatua eta Ureta idazkaria, Gipuzkoako independentzia egiaztatzen zuen dokumentua sinatzeko. Egoera horrela, Karlos IV.ak Basileako bakea sinatu zuen (1795 - VII) eta protektoratuari amaiera eman zitzaion (1795 - VII - 22). Independentzia eskatzeagatik gipuzkoarrak ez zigortzeko hitza eman zuen Espainiak, alabaina, gerra-amaieran zenbait militar eta zibil donostiar epaitu eta hil egin zituzten, Donostia frantziarrei emateagatik.
Loturak: >Barroeta, Joakin Maria;
Iturria: Elhuyar / Lur Entziklopedia