Gaztelako Alfontso VIII.a Navaskoa
Alfontso VIII.a Gaztelakoa Sorian jaio zen 1155ean eta Ávilan hil 1214an. Gaztelako erregea (1158 - 1214), Gaztelako Antso III.aren eta Blanka Nafarroakoaren semea. Bere ama hil zen beraz erditzerakoan. Leonorrekin ezkondu zen, Enrike II.a Plantageneten eta Leonor Akitaniakoaren alabarekin hain zuzen ere (1170). Alfontso eta Leonorren alaba Berengela Leon eta Gaztelako erregina izango zen bere anaia Enrike I.a hil zenean.
Adinez txikia zenean Leonek lurralde batzuk kendu zizkion. Nafarroako Antso VI.a Jakitunak, berriz, Errioxa eta Bureba berreskuratu zituen,1160ko udaberrian, Alfontso VII.ak Nafarroako erregeari hartutakoak; baina gero, Nafarroarekin hamar urteko tregua sinatu zuen (1167) eta Alfontsok berriro eskuratu egin zituen (1170). Urte horretan Almohadeei Cuenca hartu zien. 1170ean bertan Burgosko Erregearen Kuria bildu eta Alfontsoren ezkontza hitzartu zuten, Ingalaterrako Enrike II.a eta Akitaniako Leonorren alaba Leonorrekin. Urte berean ezkondu ziren. 1173an Nafarroarekin hitzartutako tregua hautsi eta Graņon hartu zuen, Ozkabarte ondoan. 1174an Gaztelako infanta Santxa eta Aragoiko Alfontso II.aren ezkontza aitzaki Nafarroa bi erresumen artean banatzeko hitzarmena berritu zuten. 1176an Alfontso VIII.ak Nafarroako Legrin hartu zuen, Urroz-en ondoan.
Nafarroa eta Gaztela arteko erresumen mugak behin betikoz konpondu asmoz arbitraia eskatzea adostu zuten. Arbitraia Alfontso VIII.aren aitaginarreba Enrike II.a Plantagenet-ek egitea ere adostu zuten. Ingalaterrako erregearen laudoak (1177) Gaztelako Alfontso eta Nafarroako Antso VI.aren erresumen arteko mugak ezarri zituen; baina, Alfontso VIII.ak ez zituen errespetatu, nahiz eta aitaginarrebak bere alde gehiena egindakoak izan; bere emazte Leonorren Akitaniako jaraunste bat aitzakia hartuta (Leonor emaztea Enrike II.a eta Akitaniako Leonorren alaba zen) eta Euskal Herriko errege berria, Antso VII.a Azkarra, Marokon zegoela aprobetxatuz Nafarroa inbaditu, Gasteiz setiatu, eta Araba eta Gipuzkoa hartzea lortu zuen (1200). Donostiako Urgul-eko gaztelua eta harresiak sendotu egin zituen, Hondarribia gotortu zuen.
Lehentxeago almohadeek Alarcos-en garaitu zuten (1196), baina Alfontsok ez zuen etsi. Leongo erregearekin bakea eginda Aragoiko Pedro II.arekin hitzartu zuen euskaldunen erresuma banatzea (Calatayud, 1198). Antso VII.a Azkarrak arabiarrei laguntza eskatu beste erremediorik ez zuen izan eta jasotako laguntzaren ordainean Marokon zegoela Gaztelako tropak Nafarroako erresuman sartu ziren (1200). Marokora mezularia bidali zuten eta Antso Azkarra berehala itzuli zen, baina Europako mapan Nafarroak lurraldeak galdu zituen.
1203an, Inozentzio III.a aita santuak Berengela eta Alfontso VIII.a arteko ezkontza deuseztatu egin zuen eta 1204ko abenduaren 4an heriotza gertu ikusita, testamentua egin zuen; bertan Nafarroari hartutako lurrak itzultzea agintzen zuen eta Diego Lopez Bizkaiko jaunari bereak. Testamentuan esaten da: "agintzen dut, Jaunak osasuna ematen badit, Nafarroako erregeari itzuliko dizkiodala hartutako guztiak Araniellotik (Arnedillo) Fuente arabiaraino (Hondarribia)"; hau da, Burandon-go gaztelua, San Vicente, Toro, Maraņon, Alcazar, Kanpetzu eta, Antoņana, Aturri eta Portilla de Cortes herriak, denak Nafarroako erregearenak baitziren. Alfontso VIII.a osatu zen, baina testamentua ez zen konplitu inoiz.
Berengelarekin ezkontza zapuztu ondoren Gaskoniako dukerriaren jaurgoa erreklamatzea lekuz kanpo zegoen, baina bere jendeak (batez ere Rodrigo Ximenez Radakoa, Toledoko artzapezpiku nafarra), Frantzia eta Alemania konbentzitu zituen arabiarren kontrako gurutzada egiteko. 1212an, Nafarroako Antso VII.a Azkarra, Europarrek presionatuta eta, Aragoiko eta Kataluniako erresumek lagunduta, Navas de Tolosako batailaren garaipena lortu zuen musulmanen aurka. Garaipen horren ondoren Alfontso VIII.ak euskaldunen erresuma zatiketara eta anaiarteko borroketara bultzatu zuen.
Loturak: Pedro Artaxonakoa;
Iturria: Elhuyar