<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Lehen Mundu-Gerra (Gerra Handia edo Europako Gerra)
Borroka handiak piztu ziren Europan mende-hasieratik, Balkanetako bi guduetan Turkiarrekin lehenengo eta hari irabazitakoaren banaketan gero. Lehen Mundu-Gerran zera borrokatu ziren batez ere: lehengai-iturriak eta kolonietako banaketaren kontrola. Sarajevon Frantzisko Fernando artxidukea, Austria-Hungariako tronuaren jaraunslea, eta bere emaztea hil egin zituen Bosniako serbiar batek (1914 - VI - 28). Horrek gerra piztu zuen Europako potentzien artean, alde batean: Europako erdialdeko potentziak (Alemania, Austria-Hungariarren), Turkia eta Bulgaria; eta bestean: aliatuak, Frantzia, Ingalaterra, Errusia, Belgika, Servia, Japonia, Italia, Errumania eta beste zenbait estatu (1914 - 1918). Aliantza-sistemaren bidez, gatazka berehala zabaldu zen. Alemaniak Frantzia eta Errusiari gerra deklaratu zien (1914 - VIII). Belgika inbaditu zutenean, Ingalaterrak abuztuaren 4an, eta gero Japoniak gerran parte hartzeko erabakia hartu zuten. Handik gutxira Turkia inperio zentralekin aliatu zen. Alemaniarrek Belgika eta Frantziako iparrerantz egin zuten, baina Narnen gelditu egin zituzten (1914 - IX) eta bertan ia gerra amaitu arte mendebaldeko frontea geldirik egon zen.
1915ean Bulgaria Alemaniarekin eta Italia aliatuekin elkartu ziren. Ekialdean errusiarrek bataila asko galdu zituzten. Alemaniak Verdungo eraso handian (1916) porrot egin zuen eta aliatuek Sommen kontraerasoa egin zuten. 1917an AEBak gerran sartu ziren aliatuen alde. Hau erabakigarria izan zen gerraren amaiera gertatzeko. Boltxebikeek Errusia menderatu zuten eta Alemaniarekin Brest-Litvsk-eko ituna sinatutakoan (1918 - III), Errusia gerratik atera egin zen eta Errumania ere errenditu egin zen. Gertaera hauek alemaniarrak indarberritu egin zituzten eta berriro Parisen sartzen saiatu ziren, baina Marneko bigarren batailan Foch-en armada aliatuak geldiarazi egin zituen. Inperio austrohungariarra ahuldu egin zen eta Alemaniak armistizioa sinatu zuen. Versaillesko Ituna sinatu zen. Gerran zortzi milioi inguru hildako izan ziren eta gerraren ondorioz hiru inperio handiak (Alemania, Austria-Hungaria eta Errusia) desagertu eta nazio independente berriak sortu ziren: Txekoslovakia, Polonia, Finlandia, Estonia, Lituania eta Jugoslavia. Austria eta Hungaria ere bitan banatu ziren.
Loturak: > Charles de Gaulle; >Jean Ibarnegarai; > Jutlandiako bataila; >Saint-Germaingo ituna;> Vázquez de Mella Fanjul, Juan;
Iturria: Elhuyar