<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Noaingo gudua

Nafarroako gudarosteak gaztelarrei Noainen aurre egin eta galdutako bataila, 1521eko ekainaren 30ean. Aurretik, Aragoiko Fernando II. Inkisiziokoa 1512an sartu zen Nafarroa Garaian, Albako dukearen gidaritzapean, eta 1512ko abuztuan Donibane Garazi inbaditu zuen. Katalina I.a, bere senar Joan III. Albret-ekoa eta familia osoa Biarnoko Salvaterra-n eta Pauen jarri zuten Nafarroako gortea. 1515ean, haien seme, Enrike II. Albret eta bere aita Joan III.a Frantzisko Angulemako printzearen Frantziako gortean bizi ziren. Gerora, bi erregeen artean adiskidetasun handia sortu zen, Enrike Frantziskoren arreba Margaritarekin ezkonduko zen eta bi erregeek elkarrekin arituko ziren Nafarroako birkonkistan eta Páviako batailan.

 1517an, Enrike II. Albret Nafarroako erregeak bere ama Katalina I.gandik jarauntsi zuen erregetza eta haren titulu guztiak. Frantzisko I.a erregearen eta Bearnesen laguntzaz, Foix-ko Andre Asparros-eko jaunaren gidaritzapean. Gudarostea Nafarroa Beherean sartu eta Donibane Garazi hartu zuen. Erronkariko nafarrek Donibanera pasa eta Nafarroako independentziaren bandera jaso zuten. Iruņean, usurpatzailearen aurka altxa ziren eta erregeordearen jauregia arpilatua zuten, Austriarren armarria arrastaka erabili zuten; hiriko gobernariek Atarrabian, Nafarroako errege legitimoaren alde zin egin zuten (1521 - V - 19); ondoren, gotorlekua errenditu egin zen.

Simancasen gatibu zegoen Nafarroako Pedroren semea, Pedro hau ere, Oliten altxa zen; Peraltako Antonio, Tuteran; eta Lizarrako herritarrek gaztelarren menpe zegoen gotorlekua hartu zuten. Ez agramondarrak bakarrik, hainbat beaumondar ere Pirineoak zeharkatu eta erregea agurtzera atera zen. Leringo kondeak Nafarroako erregearekin harremanetan jarri nahi izan zuen, baina, itzulerako salbakonduktua ematen ez ziotenez, bere kidekoekin Gaztelara joan zen.

Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Errioxako gaztelarren aldeko tropak, Loiolako Ignazio Deuna tartean, mobilizatu egin ziren. Loiolako Inazio hanka batean larri zauritu zuten Iruņeko setioan, maiatzaren 20ean. Foixko Andrek, Asparroseko jauna, Iruņeko kontrola lortu ondoren Logroņo setiatu zuen, baina Gebarako Pedro Velez-ek, laguntza jaso zuela-eta atzera egin behar izan zuen. Lizarra eta Garesen barrena itzuli zen, Ainziondo-ko Joan Perez gipuzkoarraren tropak segika zituela. Asparrosek ez zuen Iruņeraino eraman bere gudarosteak eta gaztelarrei Noainen aurre egitea erabaki zuen, 1521eko ekainaren 30ean. Berak jasotako informazioaren arabera, Gaztelako tropa, ordaindutako miliziez osatua zegoen, baina, soldadu kopuru handiagoa eta arerioak izandako ausardia erabakigarria izan zen. Gipuzkoarrek aurrean jarrita eta Frantses Beaumont-ekoak gidatuta aurrez aurre ekin zioten, eta gero alboetatik. Asparrosen tropa-multzoa hautsi eta ihesbidea moztu zioten. Jada berandu zen, Iruņerriko harresi barruan sartu izan bazen bertako sei mila soldaduen laguntza eta Etxauzko Iņigoren agindupean Tafallan bildutako bi mila gaskoi eta nafarren bultzada izango zituen.

Hura izan zen Nafarroako bandera gorria Nafarroa Garaian ikusiko zen azken aldietakoa. Bertatik salbatutako berrehunen bat gudarik Hondarribira ihes egin eta Amaiurren gotortu ziren. Nafarroako erresumak Nafarroa Garaia galdu zuen, lehenago Errioxa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa galdu zuen bezalaxe. Errege-erregina eta Gortea Nafarroa Beherean gotortu ziren.

Iturria: Auņamendi