Isturitzeko haitzuloa
Izen bereko udalerriko haitzuloa (Nafarroa Beherea). Gaztelu izeneko muinoaren barnean dago, Otsozelaia edo Haristoi haitzuloaren ondoan. 1895ean aurkitu zen, baina 1913 arte ez zen ikerketarik egin. Hormetan Moustier alditik Erdi Arora bitarteko kultur ezaugarriak adierazten dituzten pintura, grabatu eta erliebeak aurkitu dira; baita tresna grabatuak ere. Irudiak nahikoa hondatuta egon arren, Euskal Herriko aztarnategi Goi Paleolitiko garrantzitsuena da; estalagmita grabatuak aurkitu dira bertan. Irudiez gainera, galerian beste aurkikuntza arkeologiko asko egin dira. Monumentu historiko izendatuta dago.
Loturak: Azil aldia; Paleolitiko Aroa Euskal Herrian;
Iturria: Harluxet