Karlos II.a Konkistatzailea (Gaiztoa)
Karlos II.a Nafarroakoa Évreux-en jaio zen 1332an eta Iruñean hil 1387an. Nafarroako XXVI. errege (1349 - 1387) eta Arazuriko jauna. Joana II.a eta Felipe III.a Évreux-koaren semea. Frantziako Joan II.a Onberaren alaba Joanarekin ezkondu (1352) eta bere ama Joana II.renak ziren Champagne, Bria eta Angulemako feudoak beretzat eskatu zituen.
Hamazazpi urte zituen bere ama hil zenean (1349). Nafarroara 1350eko maiatzean etorri eta bere erregetzearen lehenengo erabakitako bat amaren aurka altxatutako "Miluzeko enforkatuak" urkatuz zigortzea izan zen (1351). Frantziako Joan II.ak ez zituen errespetatu Karlosi "Hexagonoan" zegozkion lurrak eta Angulemako dukerria Gaztelako Karlos kondestableari eman zion (1350 - XII -23). Karlos II.aren gurasoek Chanpagne eta Brie-n ordez eskuratu zuten Angulema, baina Frantziako "lege salikoa" medio kendu egin zitzaion Joana II.ari. Ondorioz, Gaztelako Karlosekin tirabira asko izan zituen eta Karlos II.aren zerbitzariek hura hil egin zuten (Laigle, 1354). Horrela, Frantzia eta Nafarroaren arteko harremanak luzaroko gaiztotu egin ziren eta Nafarroakoaren esku zegoen Normandian gerra piztu zen; Joan II. Onberak bere gortera deitu eta dirutza ordainarazi zion afera harengatik. Gauzak horrela, Karlos II.a frantziarraren etsai ziren ingelesekin tratuan hasi zen eta Karlosek Normandia, Chanpagne, Langedoc eta Bigorre beretzea hitzartu zuen.
Ehun Urteko Gerran, Karlos II.a ingelesen alde gehiagotan aritu zen frankoen alde baino.1355ean abiatu zen Normandiarantz, baina, bere aitaginarreba Frantziako Joan II.a Onberak Karlos II.a garaitu eta preso hartu zuen (1356 - IV - 5). Ingalaterrako Printze Beltzak, ordea, Poitiers-en garaile atera (1356) eta Joan II.a preso eraman zuen Ingalaterrara. Parisko nobleziak Karlos II.a askatzea eskatu zuten eta urtebete beranduago (1357 - IV - 8/9), Jakes Rue-koa, Amiens-eko burgesek, Joan Martinez eta Nafarroako beste noble batzuek ikazkinez jantzita ziegan sartu eta Karlos askatu zuten. Bien bitartean, Karlosen anaia Luis Beaumont-ekoak 1.500 euskaldunen ostea bildu zuen Hondarribi eta Donibane Lohitzunen; abiatu eta Parisen sartu zen azaroaren 29an, Migel Gartzia, Juan Martinez Medranokoa, Bort Agramontekoa, Matxin Bergarakoa, Martin Enrikez, Joan Ramirez Arellanokoa, Luxeko jauna eta Auger Mauleongoa oste-buru zirela. Karlosi ezagutu egin zitzaizkion Hexagonoan zituen ondasunak eta Frantziako koroaren hautagai izendatu zuen bere burua, baina, 1358an "jacquerie-n" baserritar altxamendua piztu zen.
Karlos II.a Gaiztoa kanpoan zelarik, bere anaia Luis Beaumont-ekoa erregetzaren kargu egin zen. Bien bitartean, Gaztela eta Aragoi gerran ari ziren; Gaztela, Ingalaterrak lagundurik eta Aragoiko erresuma, Frantziak lagundurik. Nafarroa istilu guztiaren tartean zegoen; Karlos II.a Nafarroaren aginpidea Frantzian eta Espainian zabaltzeko ahaleginak egin zituen; baina, Gaztelako armadak setiatu eta hemezortzi gotorleku bereganatu zituen; eta Frantziak, berriz, Nafarroak Normandian zituen koloniak bereganatu zituen.
Frantziako Joan II.ak bere erreinuaren erdia ingelesen esku utzi ondoren (1360ko urria) Karlos II.arekin bakea egin zuen eta Karlos Nafarroara itzuli zen (1361 - XI - 2). Nafarroako eta Ingalaterrako erregeen zerbitzura ziren osteak lizentziatu eta horiek Frantzia arpilatu eta sarraskitu zuten. Penintsula aldean jada, hasieran Pedro I.a Ankerra Gaztelakoari laguntzea hitzartu zuen (Lizarra, 1362 - V - 22) Aragoi eta Kataluniako Pedro IV.aren kontra. Geroago, ordea, Pedro IV.arekin batetik eta Enrike II.a Trastamarakoarekin bestetik aliatu egin zen Pedro I.a Ankerraren kontra (Uncastillo, 1363 - VIII - 25). Bien bitartean Borgoñako jauna hil (1361 - XI - 21) eta Joan II.ak lurraldean sartu zen, Karlosek Margaritaren biloba zela aitzaki beretzat lurrak eskatu eta frankoen kontra bidali zituen bere osteak. Joan II.a Frantziakoa hil zenean (1364), haren seme Karlos V.ak Frantziako lurralde gehienak uztera behartu zuen indarrez.
1364ko urriaren 19an beste hitzarmen bat sinatu zuen "Casal de Harribi-n" Gaztelako Pedro I.a Ankerrarekin. 1365eko otsailaren 18an, berriz, Nafarroako "Camara de Comptos Reales" sortu zuen. Cochereleko sarraskiaren ondorioz Frantziako Karlos V.arekin sinatu behar izan zuen hitzarmenean Mantes, Meulan eta Longueville galdu zituen Montpelierreko baroierriaren truke (1365 - III - 6). Ingeles eta Frankoen arteko su-etena sinatuta Karlos V.ak Gaztelara bidali zituen bere "Konpainia Handiak", Orreagan nafar osteekin topo egin eta Tuteraraino sartu ziren martxoan. Gaztelako Pedro I.a Ankerra Akitaniara erbesteratu zen eta Karlos Gaztelako barne liskarretan nahastuko zuen Libourneko Ituna sinatu zuen (1366 - IX - 23).
1378an, ordea, bere semea Karlos III.a Prestuak onartu behar izan zuen aitaren jokabide gaiztoa: Ingalaterrarekin tratuan ez ezik, Karlos V.a pozoitzeko ahaleginetan ere ibili zela alegia. Horrek Nafarroak Normandian zituen lurralde guztien galera (Cherburg izan ezik) ekarri zuen. Karlos II.a 1387ko urtarrilaren 1ean hil zen eta Iruñako Katedralean ehortzi zuten.
Loturak: >Folcaut; >Bertrand du Guesclin; >Étiene Marcel; >Oger Maulekoa;
Iturria: Elhuyar/ Lur/ Auñamendi