<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Goi-Paleolitikoa

Aitzin Aroaren banaketaren garaietako bat. Erdi-Paleolitiko Aroaren hurrengoa. K.a. 38.000. urtetik K.a. 9.000. urtera bitartean. Goi Paleolitikoan "Homo sapiens sapiens" edo Cro-Magnon gizaki mota garatu eta Neanderthal galdu egin zen. Hala ere, badirudi bi giza-arrazak batera bizi izan zirela aldi labur batez. Lau azpi-aldi nagusi bereizten dira Goi-Paleolitikoan: Périgord aldia, Aurignac aldia, Solutre aldia eta Madeleine aldia. Gizakiak harria eta hezurra gero eta trebetasun handiagoz lantzen ikasi zuen eta xehetasun handiko tresna fin eta txikiak egiteko gai izan zen: geziak, arpoiak edo jostorratzak larrua josteko, besteak beste. Artea ere landu zuten eta haitzuloetako pinturaz gainera eskultura txikiak ere egin zituzten harriz zein hezurrez; aipagarriak dira "Venus"-ak edo emakume haurdunen eskulturak. Ugariak eta indar handikoak dira garai horretako pinturak; Madalen aldian koloreak erabili zituzten hormetan.

Hainbat interpretazio egin dira arte horrek zuen egitekoari buruz; ehizaren eta emankortasunaren inguruko erritoekin  lotzen dituzte aditu batzuek eta gizakiak bere barneko kezkak artearen bidez kanporatzeko zuen senaren adierazpideekin ere lotzen dituzte beste batzuek; badira ere, figura horietan munduaren ikuspegi oso bat antzeman nahi dutenak. Euskal Herrian Ekaingo haitzuloan aurkitu dira Madalen aroko aztarnak.

Loturak: > Aizpitarte; >Altxerri; >Irikaitz aztarnategia; >Praile Haitz 1; >Paleolitiko Aroa Euskal Herrian; >Urtiaga aztarnategia

Iturria: Elhuyar