<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Bigarren Gerra Karlista (1872 - 1876)

Espainian, Lehen Gerra Karlista (1833 - 1839) amaitu eta hogeita hamahiru urte beranduago Bigarren Gerra Karlista piztu zen. Gipuzkoan altxatutakoak mendietan babestu ziren, Araban ere bazen altxaturik, baina altxamenduak benetako garrantzia Bizkaia eta  Nafarroan izan zuen. Teodoro Rada jeneral karlistak Bidasoatik Nafarroako bidea hartu zuen (1872 - IV - 21). Madrilen, Amadeo I.a Saboiakoaren agintaldian, Serrano jenerala izendatu zuten norteko armada buru; horrek, Bizkaian batez ere izan zuen eragina; Nafarroako liberalen arduraduna, ordea, Moriones jarri zuten. Araba liberalen esku geratu zen eta Gipuzkoan karlisten kontrako jazarpenari ekin zitzaion. Nafarroako karlistak Urbasan bildu ziren. Don Karlos Bidasoatik barrena Nafarroara sartu zen, baina une berean Moriones-ek karlistak garaitu egin zituen Orokietan (1872 - V - 4); Don Karlosek Frantziara ihes egin zuen berriro. Serrano jeneralak Bizkaiko karlistei eraso zien Durangon. Karlistak munizio falta zela-eta, Arrasate aldera erretiratu ziren; Oñati eraso eta Ulibarri komandante-burua hil egin zuten. Bizkaiko karlista buruek Orozkon bildu eta egoera aztertu ondoren Serranorekin negoziatzea erabaki zuten; maiatzaren 24an, Zornotzako Akordioa sinatu zuten, baina Don Karlos eta zenbait buruzagi karlistek, Santa Kruz apaiza tartean, ez zuten ituna onartu.

Serrano agintetik kendu eta bere ordez Etxague jenerala izendatu zuten norteko armada buru. Morionesek garaitu zituen Euskal Herriko azken karlistak, baina Zornotzako Akordioak porrot egin zuenean, karlistek berriro gerrari ekitea erabaki zuten, abenduaren 12an. Moriones eta Primo de Riveraren armada liberalean desordena eta diziplina eza ziren nagusi. Lehen Errepublika aldarrikatu bitartean, karlistek garaipen garrantzitsuak lortu zituzten (1873 - II - 11). Errepublika garaian, anarkiak eta gobernuaren erlijiogabetasunak esanahi berria eman zion mugimendu karlistari. Errepublikako gobernuaren konfiantzarik ez zuenez, Moriones armada liberalaren norteko buruzagitzatik kendu eta Pavía jenerala izendatu zuten. Pavíak ez zuen karlisten aurka arrakastarik izan eta Nouvillas izan zen hurrengo buruzagia. Karlisten garaipen garrantzitsua Eraulgoa izan zen, maiatzaren 5ean. Karlistak nekazal lurrak bereganatzen ari ziren eta berauen garaipenak gero eta ugariago eta garrantzitsuagoak ziren. Don Karlos Dantxarineako mugatik Nafarroara sartu zen. Karlistek Eibar eta Soraluzeko arma-fabriken kontrola lortu zutenean, Gipuzkoa osoa menperatzea lortu zuten (Tolosa, Donostia eta Irun izan ezik). Bizkaian, Bilbo eta Portugalete bakarrik zeuden errepublikarren esku, eta karlistek Bilbori setioa prestatu zuten abenduan. Jurramendiko garaipen garrantzitsuaren ondoren, Lizarra karlisten esku geratu zen (1873 - XI - 7/9). Araban, Biasterirekin batera beste zenbait lurralde karlisten esku geratu zen. Ia Hego Euskal Herri osoa karlisten esku zegoenean, erasoak gelditu egin ziren eta karlisten ekintza bakarra, Bilbori egindako setioa izan zen.

Bilboren setioa hautsi nahian  egindako batailarik garrantzitsuena Somorrostrokoa izan zen; karlistek liberalak garaitu zituzten eta Moriones jeneralak atzera egitea agindu zuen (1874 - III - 25/27). Morionesek iparraldeko armadaren agintea galdu egin zuen. Karlisten hurrengo estrategia hiri garrantzitsuak setiatzea izan zen (Iruñea, Irun, Gasteiz eta Donostia). Karlistak eta errepublikarrak gerran ari ziren bitartean, Alfontso XII.a tronura igo zen Errepublika garaituta (1874 - XII); Morionesek agintea berreskuratu egin zuen. Karlistek setiatuta zeukaten Iruñea eta Alfontso XII.ak laguntza bidali zuen; Alfontso bera ere bertan izan zen. 

Karlistek, Gasteiz galdu zutenean, Arabako kontrola ere galdu egin zuten. Karlisten buruzagien artean eztabaida sortu zen. Karlistak Gipuzkoatik kanpo bota zituzten (1875 - VII - 29). Katalunia eta Iberiar penintsulako erdialdeko operazioak amaitu zirenean, tropa liberalak iparraldera abiatu ziren karlisten kontrako gerra indartzera. Liberalek karlisten kontrako erasoa prestatu eta pixkanaka-pixkanaka Gipuzkoa eta Nafarroako lurrak konkistatu egin zituzten. Don Karlosek eta bere jarraitzaileek Frantziara ihes egin zuten Arnegitik (1875 - II - 28). Alfontso XII.ak Somorrostron sinatutako agirian, Espainiako batasun konstituzionala berresteaz batera Hego Euskal Herriko Foruak erabat deuseztatu zituen (1876 - III - 13). Abadiñoko batailaren ondoren (1876 - XI - 15) bukatu zen Bigarren Gerra Karlista. Ondoren, Foruak ezabatuta, Kontzertu Ekonomikoak ezarri ziren.

Loturak: >Jose Goikoa; >Manuel Gutierrez; >Jean Jaurgain; >Karlos Montemolingo kondea; >Tirso Lakale Iabar; >Basilio Lacort; Nikasio Landa; >Jose LergaJose Maria Loma; >Frantzisko Martinez;  >Torkuato Mendiri; >Mendizorrotzko bataila; >Ollo Bidaurreta, Nikolas; >Perula, Jose; >Sagarminaga, Fidel; >Zurbano Monzon, Esteban;

Iturria: Elhuyar