<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Kontzertu ekonomikoak
Kontzertuaren sistemak zehazten du administrazio eremu jakin batek gobernu zentralari ordaindu beharreko kontribuzio, errenta eta zerga-kopurua. Alfontso XII.aren eskutik eta Bigarren Gerra Karlistaen amaieran Foru historikoak galdutakoan, Espainiako gobernu zentralak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari nolabaiteko finantza-autonomia onartzeko Kontzertu Ekonomiko formula eratu zen. Horien arabera, foru-diputazioek behartuta daude zergak bildu eta horietatik kontzertatutako zati bat, kupoa alegia, estatuari urtero ematera. Nafarroan, 1841etik aurrera antzeko sistema erabiltzen bada ere, "konbenio" esaten zaio. Konbenioaren eta kontzertuaren agerpena foraltasunaren deuseztatze-prozesuari loturik dago: Nafarroan, konbenioak 1841eko Lege Paktatua delakoa du iturburu; gainerako probintzietan, Bigarren Gerra Karlistaren ondorengo Foruen abolizioak. 1876an Cánovasen gobernu liberalak euskal foruak deuseztatu zituen, baina fisko-berezitasunak mantendu ziren nolabait.
Lehen Kontzertu Ekonomikoa (1878 - 1886): lege-maila ez zuen gobernuaren eta probintzietako aldundien arteko hitzarmena zen: probintzia estatuari urtero zergen zati finko bat (kupoa) ordaintzera lotzen zen, eta aldundiak zerga gehienak jasotzeko eskubidea zuen (aduanetako mugasariak, tabakoa eta antzeko beste monopolioak salbu). Honek, de facto, aldundiei beren zergak ezartzeko eta, bide batez, administrazio-eskumen bereziak eskuratzeko aukera eman zien. Zergak Espainiako beste probintzietan baino txikiagoak ziren eta hau, agian, kapitalak eta inbertsioak erakartzeko baliagarria izan zen, Bizkaia eta Gipuzkoa bizkor industrializatzen ari ziren garaian. Aldundiek gastua antolatzeko zuten autonomia eta erraztasuna (ez zuten estatuko administrazioak dirua noiz bidaliko zain egon behar) onuragarriak izan ziren bertako ekonomiarentzat, garraiabideen arloan batik bat. Foru-garaiko sistemarekiko desberdintasunak nabariak dira, hala ere: 1876 aurretik zerga-ordainketa ez zen batere erregularra ("borondatezkoa" zen, nolabait) baina, orduz geroz, akordioa Espainiako gobernuaren borondatean zetzan, eta ez zuen lege-mailarik. Izan ere, kontzertu ekonomikoa foru-sistematik egitura konstituzionalera samurrago igarotzeko "behin-behineko" neurria zen (1886 arte, hau da, zortzi urterako), probintziak sistema berrira ohitu eta beharrezko estatistikak burutu arte. Baina, aldundien presioagatik eta euskal gizartean lortu zuen adostasunagatik edo, finkatuz joan zen eta bigarren kontzertua sinatu zenean, 1887an, "instituzionalizatu" egin zela esan daiteke.
Bigarren Kontzertu Ekonomikoa (1887 - 1893): iraupena ez zen mugatu; iraunkortzat hartu zen. Sagasta liberalaren alderdiak agintea hartu zuenean, diru-premia handia zegoen eta Kontzertuaren berrikuspenerako agindua eman zuen. Gamazok kupoa igotzea eskatu zuen, baina foru-diputazioek, kontzertuak galtzeko arriskua ikusirik, akordioa sinatu egin zuten.
Hirugarren Kontzertu Ekonomikoa (1894 - 1905): kupoa igo zen arren, ez zen produkzioaren adinekoa izan. Foru-diputazioen administrazio- eta ekonomia-independentzia onartu zen.
Laugarren Kontzertu Ekonomikoa (1906 - 1925): nekazal eta hiri-oligarkiak osatutako foru-ligak, interes politiko eta ekonomikoak bultzaturik, kontzertuaren berrikuspenean eragin nahi izan zuen. Ligaren kontrakoak izanda ere, nazionalistek ere negoziazioan parte hartu zuten, eta azkenik kupo ez oso altua eta hogei urteko iraupena lortu zen.
Bosgarren Kontzertu Ekonomikoa (1925 - 1937): Crédito de la Unión Minera erakundearen porrota zela eta, Bizkaiko finantzariek Foru-Diputazioari mailegua eskatu zioten eta horrek baiezkoa eman zuen kontzertuen kupoa berrikusteko baldintzapean. 1951 bitarteko iraupena izateko sinatu bazen ere, Espainiako Gerra Zibilean dekretu batez Francok Bizkaia eta Gipuzkoakoak ezabatu zituen (1937) eta Arabakoa eta Nafarroako konbenioa mantendu; hala ere, bi herrialde hauen fisko-eskubideak murriztu egin zituen.
Gaur egungo Kontzertu Ekonomikoa (1981): Francoren dekretuaren kontrako kanpaina hasi eta Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru-Diputazioek Kontzertu Ekonomikoak berrezartzeko aldarrikapena egin zuten. Gernikako Estatutuak ekarri zuen Kontzertu Ekonomikoaren berrezarpena Euskal Autonomi Elkartean (1981).
Loturak: Liga Foral Autonomista; Orueta P. Nenin, Jose; Zumarragako Biltzarra;
Iturria: Elhuyar