Leonor Akitaniakoa (Alienor - Eleonor)
Akitaniako dukesa Leonor 1122an jaio eta Fontevrault-en hil zen 1204an. Akitania eta Gaskoniako dukesa izan zen, Gilen X.aren alaba. Luis VII.a Gaztearen emazte izan zenez Frantziako erregina (1138 - 1152) eta harekin ezkontza zapuztutako urtean bertan (1152), Enrike II.a Plantagenet Ingalaterrakoarekin ezkondu eta Ingalaterrako erregina izan zen.
Frantziako Luis VII.arekin ezkontzean Guinea, Gaskonia, Poitu, Marche, Limosin, Angoumois eta Saintogne lurraldeak jaso zituen ezkontza-sari. Senarrarekin batera bigarren gurutzadan parte hartu zuen (1146); baina erreginak ezkontzaz kanpoko harremanak zituelakoan-edo erregeak ezkontza baliogabetu eginarazi zuen (1152).
Enrike II.a Ingalaterrakoarekin ezkondu eta Akitaniako lurrak Ingalaterraren esku geratu ziren (1154). Horrekin bi seme izan zituen: Rikardo I.a Lehoibihotza eta Joan Lurgabea. Enrike II.ak semeekin gorabeherak izan zituen eta Leonorrek semeen aldeko jarrera azaldu zuenez, senarrak Salisbury-n giltzapean eduki zuen hamabost urtez. Baina Enrike II.a hil, eta bere seme Rikardo I.a Lehoibihotza erregetu zenean, ama askatu egin zuen (1190). Rikardo gurutzadetan zebilen bitartean, erresuma gobernatu zuen. Bere alaba Leonor Gaztelako Alfontso VIII.arekin ezkondu zuen.
Kultura handiko emakumea izan zen; artezalea, eta, trobalari-musika Frantzia eta Ingalaterran zabaldu zuen. Bere azken urteak Fontevrault-eko abadetxean eman zituen eta bertan hil zen 1204an.
Iturria: Elhuyar/ Lur/ Auņamendi