Enrike II.a Trastamarakoa
Enrike II.a Trastamarakoa Sevillan jaio zen 1333an eta Ozkabarten, Errioxa, hil 1379an. Gaztelako Alfontso XI.aren eta Leonor Guzmanen sasikoa, eta Pedro I.a Ankerraren ugazanaia. Bizkaiko XIX.a Andrea Doņa Joana Manuelekin ezkondu zen (1350). Gaztelako erregea (1369 - 1379).
Enrike II.a Trastamara bere ugazanaia Gaztelako Pedro I.aren kontra altxa zen (1366). Enrikek Aragoiko Pedro IV.a, Frantziako erregearena eta Erromako aita santuaren laguntza zuen, Pedro I.a erregeak, berriz, juduen eta Granadako arabiarrena. Enrike II.ak Kalagorrin bere burua Gaztelako errege izendatu zuen (1366) eta Gaztelan barneratu zen erresumaz jabetu asmoz. Pedro I.a, ordea, Akitanian erbesteratu eta Ingalaterrako printze beltzarekin eta Nafarroako Karlos II.a Gaiztoarekin sinatu zuen Libourneko Ituna. Ingalaterrako Printze Beltzak Enrikeren osteak Naiaran garaitu zituen (1367); baina aldi berean, ingelesek ez zuten Pedro I.a Ankerra lagundu eta Frantziako Karlos V.aren osteek, Du Guesclin-en gidaritzapean, Pedro I.a Ankerra Montielen garaitu eta hil ondoren Enrike Gaztelako benetako errege bihurtu zen, 1369an.
Gaztelak penintsulan izango zuen nagusitasunaren oinarria jarri zuen; hala ere, Nafarroa, Aragoi, Ingalaterra, Granada eta Portugalgo erresumak batu ziren Enrike II.aren aurka. Karlos II.a Gaiztoa Nafarroako erregeak Gipuzkoa, Araba eta Errioxa berreskuratu nahi zituen eta Ingalaterrako koroak interesak zituen Bizkaiko kostaldean; Pedro I.a Gaztelakoak lurralde haiek itzultzea agindu baitzien laguntzaren ordez.
Enrike II.ak etsaiak menperatu zituen Frantziako koroaren laguntzari esker. Hitzartutako ezkontzei esker ziurtatu zuen, jatorriz, sasikoa zen dinastiaren etorkizuna. Aristokraziaren aldeko sutsua, Enrike II.ak nobleak lagundu eta burges merkatarien eskubideak murriztu zituen. Gaztelako artile merkataritza Kantauri itsasotik bideratuta sendotu zen eta Gaztelak penintsulan izango zuen nagusitasunaren oinarriak jarri zituen. Hurrengo Gaztelako erregea Joan I.a Gaztelakoa izango zen.
Loturak: Bertrand du Guesclin; Leonor Trastamarakoa; Pedro G. Mendozakoa; Tello Gaztelakoa;
Iturria: Elhuyar/