Gasteiz-Vitoria

Gasteiz, Arabako hiriburua da. Historiagile batzuen arabera Leovijildok Victoriaco herria sortu zuen baskoien herri zaharrago baten gainean, 581ean. Hala eta guztiz ere, Gasteiz aipatzen duen lehen idatzia 1025ekoa da. Antso III.a Nagusiaren garaian, Errioxako Donemiliagako monasterioan dagoen Arabako herrien katalogoan agertzen da lehen aldiz, "Gastebiz" izenaz. Garai hartan, Nafarroako erresumaren eta Gaztelako konderriaren menpe zegoen, Arriagako Kofradiako partaideak bitan banatuak baitzeuden; Mendozaren jarraitzaileak Gaztelaren alde eta Gebararenak Nafarroaren alde. Nafarroako Antso VI.a Jakitunaren eskakizunari erantzunez, Kofradiak Gasteiz gotortzeko baimena eman zuen; horrela, gaztelarren erasoei aurre egiteko harresiak eraiki eta Nafarroako mugak finkatu ziren (1181). Lizarran emandako errege-gutunari esker, hiri-gutuna eta Logroņoko foru moldatua eskuratu zituen (1181); hiribildu titulua eta Vitoria (Nova Victoria) izen berria ere garai horretakoak dira. Helburu militarrerako sortutako hiria izaki, Antso VI.ak harresi eta gotorleku sendoak eraiki zituen. Hala ere, Nafarroako erresumaren menpe denbora gutxi iraun zuen, Antso VII.a Azkarra Nafarroako erregea Marokon zen bitartean, Gaztelako Alfontso VIII.ak inbaditu eta setiatu egin baitzuen (1199 - VII - 5).

Zazpi hilabeteko setioaren ondoren Gasteiz 1200eko urtarrilean errenditu zen, Antso VII.ak baimenduta. Garaipena lortuta, Gaztelarrak bere koroaren menpe jarri (1200) eta jatorrizko herria suntsitu egin zuten. 1202an hasi ziren Gasteiz berritzen, sute ikaragarri baten ondoren. Hasierako hiru kale eta harresiari beste hiru gehitu zien: Hedegile, Errementari eta zapatari. Handik hamarkada batzuetara, berriz,  Aiztogile, Pintore eta juduen kalea eraiki ziren. Kaleen izenak argi adierazten dute garai horretan Gasteizek gotor-hiri izaera utzi eta merkatari eta artisau hiria hartzen hasi zela. Alfontso VIII.ak pribilegio berriak eman zizkion, baina, bere menpe Gasteiz eta Trebiņo soilik zeuden eta inguruko herriko jaunekin, Arriagako Kofradiarekin, tirabira asko izan zituen. Fernando III.ak (1219) eta bere seme Alfontso X.a Jakitunak (1254), foruak berretsi egin zizkioten. 1258an Gasteiz bere menpeko egin zituen Arriaga, Betoņo, Gaztelu, Gordelegi eta Mendiola herriak. Alfontso X.ak 1271ean, probintzia guztietan legedi bakarra ezarri asmoz, erret forua aldatu nahi izan zion Gasteizi. Gasteiztarrek, ordea, ez zuten onartu eta lege zaharrak itzultzea aldarrikatu zuten.

Gaztelako Antso IV.a erregetu zenean, lege zaharrak berretsi egin ziren (1284). 1286an, Gasteizek Lasarte herria beretu zuen. Alfontso XI.aren agintaldian, Arriagako Kofradiak Gaztelako koroan sartzea erabaki zuenean (1332), erregearen lur asko bereganatu zituen Gasteizek. Alfontso XI.a hil ondoren (1350), bere seme Pedro I.a Ankerraren eta Enrike II.a Trastamarakoaren arteko borroka hasi zen. Pedrok Nafarroako errege Karlos II.arekin eginiko hitzarmenean, Gasteiz eta inguruko lurrak itzultzea eskaini zion laguntzaren truke, baina hitzarmena ez zen bete. Gipuzkoako zaldunak Enrike II.aren aldekoak ziren eta berauen erasoetatik babesteko, gasteiztarrak Pedro I.ari laguntza eskatu zioten; laguntzarik lortu ez zutenez, Enrike II.aren alde zegoen Nafarroako Karlos II.aren eskutara pasa zen Gasteiz. 1373an eskuratu zuen berriro Gaztelako koroak eta 1421an jaso zuen "hiri" titulua Joan II.a Gaztelakoaren eskutik. Ahaide Nagusien borroka garaian, Gasteizko udal-agintea eskuratzearren Aiala eta Kalleja ahaide nagusien arteko borrokak piztu ziren; Fernando II.a Inkisiziokoak emandako arau-bildumari esker amaitu zen borroka (1476). Komuneroen matxinada garaian, Gasteiz Karlos I.a Gaztelako erregearen alde jarri zen (1520).

Gasteizen, juduak XIII. menderako hasiak ziren finkatzen. Zenbait pribilegioz gain beren kalea edo auzoa "alhama" ere izan zuten luzaroan. XV. mendetik aurrera murriztu egin zitzaizkien pribilegioak eta 1492an erbestera bidali zituzten, Fernando II.a eta Isabel I.a Inkisizioko errege-erreginak aginduta. Erabaki horrek ekonomia zailtasun handiak eragin zituen, hala ere, XVI. mendetik aurrera hertsiki lotu zitzaion Gasteizko hiria Gaztelako koroari, baina guztiz galdu zuen Erdi Aroan merkataritzan izan zuen indarra. 1512an Albako dukeak Gasteizen bildu zituen bere tropak Nafarroako erresuma inbaditzeko. Gaztelarren esku, Errege-hiriari zegokion udal gobernu berezia zuen eta Arabako foru herrialdeko erakundeetan parte hartzen zuen hiri eta herri talde-buru. Gasteizen bizi ziren Arabako handiki familia gehienak; horregatik, bertan biltzen zen ekonomia eta politika aginpide nagusia. XVIII. mendean hasi ziren Gasteizen hiri-egiturak aldatzen eta Erdi Arotik zetozkion molde zaharkituak berritzen.

Espainia eta Frantziaren arteko Konbentzio-Gerran, armada frantziarrak hiria hartu zuen (1795); baina urte hartan bertan, Basileako Ituna sinatu eta frantziarrek hiria utzi egin zuten. Napoleonen tropek hiria hartu eta zerga berriak ezarri zizkien gasteiztarrei; denboraldi batean, Jose Bonaparteren gortea Gasteizen egon zen (1807 - 1813). Wellington dukearen oste anglo-portugaldar-espiniarrek jipoi handia eman zien frantsesei Gasteizko batailan (ekaina, 1813). Ihesi zihoazela Frantziarrek sarraski handiak egin zituzten. Baina, Cádizko Gorteetako garaian, ideia liberalak zabaldu ziren hirian; erregetiarrak altxatu egin ziren, liberalek, ordea, garaitu egin zituzten (1820 - 1823). Lehen Gerra Karlistan, bi aldiz setiatu zuten hiria karlistek (1834), baina sartu-irten egin zuten lehenengoan eta Sarsfield-en britainiar armadak bertatik bota zituzten bigarrenean; Zumalakarregiren tropak hurbildu ziren, baina Espartero inguruan zebilela-eta ez ziren hirian sartu (1834). Euskal Herriak Gaztelarekin zituen aduanetako bat Gasteizen mantendu zen 1841 arte. Bigarren Gerra Karlistak, aldiz, ez zuen eragin nabarmenik izan hirian.

XX. mende hasieran azaldu ziren foruzaleen artean lehen talde abertzaleak, eta langile taldeen artean sozialistak. Espainiako Gerra Zibilean, berehala geratu zen Gasteiz Francoren aldeko militarren eskutan eta hutsean  geratu ziren Eusko Gudarosteek hiria hartzeko egindako saio guztiak, 1936ko azarotik 1937ko otsaila bitartean hain zuzen ere. 1950eko hamarkadan hasi zen hiri-egitura aldatzen eta, bertako udalak eta Arabako Diputazioak bideratu zuten enpresak sortzea eta inguruan kokatzea. 1970eko urteetan industria eta langile hiria bihurtu zen Gasteiz. 1976an, langileek greban zeudela, Espainiako poliziak bost langile hil zituen eliza atari batean, Manuel Fraga Iribarne zen artean gobernazio-ministroa Francoren gobernuan. 

Franco hil ondoren, Eusko Kontseilu Nagusia antolatu zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako (1978) eta  Eusko Autonomi Erkidegoko Gobernua (Eusko Jaurlaritza) sortu zenean, hiriburu izendatu eta Eusko Legebiltzarra eta Jaurlaritzaren egoitzak bertan finkatu ziren (1980).

Iturria: Elhuyar / Lur/ La voluntaria conquista, Tomás Urzainki