<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Erdi Aroa

Historia banatzen den aroetako bigarrena, Antzin Aroaren ondorengoa. Mendebaldeko Erromatar Inperioa desagertu zenetik Aro Modernora bitartekoa (V - XV. m.). Erdi Aroa bera, berriz, hirutan banatzen da: Berant Erdi Aroa. Erdi Aroaren bigarren zatia (XI-XV. m.) eta Goiz Erdi Aroa. Erdi Aroaren lehen zatia (V-XI. m.). Erdi Aroa terminoa Europako historiari dagokio berez eta XV. mendeko humanistek sortua da, beraien eta Antzin Aroaren "bitarteko" garaia izendatzeko.

Garai iluntzat zuten; eta zibilizazio greko-erromatar klasikoaren eta Errenazimentuaren edo Aro Modernoaren arteko zubia, bitarteko izatea baino beste baliorik ez zioten ematen mendebaldar zibilizazioaren historian. XIX. mendera arte ez ziren hasi historialariak Erdi Aroko sorkuntza kulturalak, artistikoak eta intelektualak baloratzen eta mende luze horietako egitura sozial, ekonomiko eta politikoak aintzakotzat hartzen. Erromantizismoak Erdi Aroa idealizatzeko joera ere zabaldu zuen. Erdi Aroko europar zibilizazioa hiru osagairen sintesia dela esan daiteke: kultura klasikoaren ondarea, germaniar gizarte-ereduak eta kristautasuna. Mila urteko aro historiko luze hau bi aldi nagusitan banatu ohi dute historialariek:

1. Goiz Erdi Aroa, V. mendean Mendebaldeko Erromatar Inperioaren egitura soziopolitiko eta ekonomikoak suntsitu zirenetik XII. mendean merkataritzako burgesia indarrez agertzen den artekoa;

2. Berant Erdi Aroa, XV. mendera arte luzatu zena, eta, burgesiaren finkatze sozial eta ekonomikoarekin batera, Mendebaldeko Europa osoan mugimendu sozial eta kultural handia zabaldu zuena.

Erdi Aroaren gailurrean XIII-XIV. mendeak daude, beren kreazio artistiko eta intelektual guztiz garrantzikoekin; XV. mendean, berriz, krisian sartu zen mende luzeetan eraikitako gizartea eta atea ireki zion Aro Modernoari, egitura mental, sozial eta politiko berrien gain. Kristandadearen aroa zen Europako Erdi Aroa, baina, bestalde, hori ezin da bereizi, ezta ulertu ere, Islamaren zabalkundea eta horren gain eraturiko islamdar inperioa kontuan eduki gabe. Kristau-munduaren eta mundu islamdarraren arteko harremanek definitzen dute neurri handi batean Erdi Aroa, ez bakarrik maila politikoan, baita erlijiokoan eta kulturalean ere. Erdi Aroaren ikuspegi zabalaren bi alderdiak dira kristau-zibilizazioa eta zibilizazio islamdarra. Herri germaniarren inbasioen ondoko hainbat erresuma berrien eratze eta finkatzearekin abiatu zen Europako Erdi Aroa. Herriok eta erresuma berriok kristautzearekin batera, Eliza gertatu zen mundu berriaren oinarri ideologiko eta euskarri kultural, beraren botere politiko eta sozial guztiz eragingarrian ere gauzatzen zena.

Guzti horren adierazgarri izan ziren, batetik, Germaniar Inperio Sainduaren eraikuntza, eta, bestetik, Aita Santuen botere-barruti geografiko propioa (Estatu Pontifikalak) eratzea. Europako Erdi Aroaren ezaugarri nagusietakoa feudalismoa izan zen, egitura politiko, militar, sozial eta ekonomiko gisa ulertua. Mendeetan zehar Europako erresuma txiki eta handiagoen barruan eta tartean eratuz eta finkatuz joan zen egitura hori, ordea, ez zen erabatekoa gertatu leku guztietan. Nekazaritzan zegoen oinarrituta bereziki ekonomia; lurren nagusiak jaun feudalak ziren oro har eta horien zerbitzariak ziren nekazariak. Artisautzak ere garrantzi handia izan zuen, ordea. Dena dela, batez ere Erdi Aroaren bigarren aldian gero eta gehiago gertatu zen merkataritza ekonomiaren eragile; eta horren eraginez hiriak eta bizimodu hiritarra hedatuz joan ziren. Nazioarteko harremanen funtsezko elementu bihurtu zen merkataritza Berant Erdi Aroan, bai Europako bertako herrialdeen artean, baita Asiako lurraldeekiko harremanetan ere. Bestalde, Erdi Aroaren zati handi bat kristandadearen eta islamdar munduaren tirabira eta gerrek markatuta dago.

Lurralde Santua berreskuratzeko gurutzadak bi munduen arteko lehia erlijiozko eta politikoaren puntu nabarmenenak besterik ez dira. Hala ere, bi zibilizazioen arteko harreman eta elkarreragin intelektuala eta kulturala ere guztiz azpimarratzekoak dira. Hain zuzen ere, Europako Erdi Aroaren irudia oso motz geratzen da, bere sorkuntza intelektualak (eskolastikaren filosofi eta teologi sistemak, monasterioen garrantzizko gidaritza kultura espiritual eta materialean, hainbat hiritako unibertsitate handiak) eta artistikoak (edonon zabalduriko eliza eta katedral erromaniko eta gotiko miresgarriak) aipatzen ez badira. Horien parean, ordea, ezin dira ahaztu filosofo eta idazle islamdarrek landuriko pentsamendu eta zientziazko produkzio handia eta zibilizazio islamdarrak sorturiko arkitektura eta bestelako obra artistiko paregabeak.

Neurri on batez bi zibilizazio horien artean gertatu zen euskal lurraldea Erdi Aroan. Batetik poliki-poliki kristautasuna Euskal Herriko mendialdean ere zabalduz eta finkatuz joan zen; bestetik, hemen sorturiko erakunde politiko garrantzitsuek inguruko erresuma kristau eta islamdarrekin topo egin zuten. Garrantzizkoak gertatu ziren, izan ere, Erdi Aroan bata bestearen ondoren eratuz joan ziren Baskoniako dukerria, Iruņeko erresuma eta Nafarroako erresuma. Erakunde politiko handi horien inguruan, baina gure lurraldea inguratzen zuten iparraldeko eta hegoaldeko erresuma indartsuen eraginpean, bere konfigurazio politiko eta sozial propioak hartuz joan zen euskal gizartea, egitura feudaletatik urrutiago eta bertako ohitura eta arau foralen gain. Eredu soziopolitiko desberdin horien artean ulertu behar dira, baita ere, Erdi Aroaren azken aldean Euskal Herriko lurraldeetan zabaldu ziren ahaide nagusien eta bandoen arteko borrokak: oinaztarren eta ganboatarren artekoak eta anaia arteko borrokak agramondar eta beaumondarrenak dira ezagunenak.

Loturak: Gorputz Handiaren BiltzarraIsturitzeko haitzuloa; Ordenantzen koadernoakOrdenuzko Gortea;

Iturria: Harluxet