Zumalakarregi Imaz, Tomas
Tomas Zumalakarregi Ormaiztegin jaio zen 1784an eta Zegaman hil 1835an. Espainiar eta Napoleonen arteko gerran, Espainiako Independentzia gerran, Zaragozara joan zen espainiarren alde borroka egitera (1808). Zaragoza bigarren aldiz setiatu zutenean frantsesek preso hartu zuten, baina ihes egitea lortu eta jaioterrira itzuli zen. Gaspar Jauregik osatutako taldean sartu eta bataila askotan parte hartu zuen (1809 - 1813). Freire jeneralaren aginduetara zegoen armadara pasa zenean kapitaina zen eta San Martzialgo batailan parte hartu zuen (1813). 1820an, Lopez Baños jeneralak armadatik bota egin zuen, absolutista zelakoan; ondoren, Quesadaren zerbitzura jarri zen eta teniente koronel izendatu zuten (1822). Portugalgo mugara bidali zuten, eta han izandako hainbat ekintzari esker koronel-gradua lortu zuen (1829). Ferrolgo gobernadore militar izan zen, baina "La Granja"ko altxamenduaren ondoren, absolutistekin bat ez etortzea leporatu zioten eta Iruñera bidali zuten (1832).
Fernando VII.a hildakoan, Iturralderen agindupeko armadan sartu eta Lehen Gerra Karlistan parte hartu zuen (1833). Geroztik, karlisten buru eta armada-antolatzaile izan zen. Espainiako iparraldean ari zen armadako jeneralen kontra borrokatu zuen behin eta berriz (Sarsfiel, Valdés, Quesada, Rodil, Mina) eta armada sendoa eratu zuen. Borroka gogorrak izan zituen liberalen kontra; ia Nafarroa osoa, Trebiño, Bizkaia eta Gipuzkoa (Bilbo eta Donostia izan ezik) karlisten esku jarri zituen; Quesadari jipoi handia eman zion Altsasuko bentaren ekintzan (1834 - IV - 21). Don Karlosen aldeko armadarekin gorabeherak izan zituen: Zumalakarregik Gasteiz eskuratu eta Madril aldera jo nahi zuen eta karlistek, britainiarren laguntza lortzearren, Bilbo setiatzea erabaki zuten. Otxandio eta Durango aldera joan eta 1835eko ekainaren 10ean hasi zuten setioa; 15ean zauritu egin zuten eta 24an hil zen. Benito Frantzisko Erasok ordezkatu zuen.
Loturak: Joan Antonio Gerge; Gaspar Jauregi; Antonio Lizarraga; Sagastibeltza, Jose Migel;
Iturria: Elhuyar/ Lur