Espartero, Joaquin Baldomero Fernandez Alvarez
Joakin Baldomero Espartero Granátula-n, Ciudad Real, jaio zen 1793an eta Logroñon hil 1879an. Militar eta politikari espainola izan zen, jeneral liberala. Karlisten kontra borrokatu zen.
Almagron, domingotarren seminarioan egin zituen lehen ikasketak; seminarioa utzi eta 15 urterekin Napoleonen kontrako gerran soldadu izan zen. 1815ean, Bolibarren aurka Ameriketako kanpainetan kapitaina izan zen; Ameriketatik itzuli zenean (1825) Brigadier izendatu zuten, eta 1833an, Fernando VII.a hil ondoren, Isabel II.aren alde jarri zen Lehen Gerra Karlistan. Iparraldeko armadako jeneral buru zela, karlisten esku zegoen Bilboko setioa birritan hautsi eta karlistak Lutxanan garaitu zituen, 1836ko abenduaren 25ean.
Hiru urteetara Marotokin sinatu zuen Bergarako Hitzarmena (1839 - VIII - 31). Gasteizko duke eta Gipuzkoa eta Bizkaiko diputatu egin zuten. Progresisten matxinadek Maria Kristina erregeordea atzerriratzera behartu eta Espartero erregeorde izendatu zuten (1840). Lehen ministro eta erregeorde izan zen 1841 - 1843 urteen bitartean. Politika larderiatsua erabili zuen eta Foruak aldatzen zituen Lege-Paktua atera zen (1841); Euskal Herrian Esparteroren aurkako altxamendua gertatu zen; Iruñean O´Donnell jenerala Esparteroren aurka altxatu zen foruak itzultzea agindu zuen, baina, Esparterok oso gogor zapaldu zituen O´Donell eta Diego de Leon-en matxinadak. Foruak abolitu egin zituen eta Nafarroak autonomia administratiboaren aldetik zerbait salbatzea besterik ez zuen lortu. Oposizioa aurka jarri zitzaion eta Londresera ihes egin behar izan zuen, 1843ko uztailaren 30ean. Hala ere, 1849an Espainiara itzuli, senatuan aulki bat lortu eta Logroñon jarri zen bizitzen.
1854an, Madrilera deitu zion Isabel II.ak, eta gobernua eratzeko agindu zion. Bi urte iraun zuen gobernuak; O´Donell defentsa ministroarekin zituen konponezinen aurrean etsi, eta 1856an, Logroñora itzuli zen betiko. Amadeo I.ak Bergarako printze titulua eman zion, baina Esparterok ez zuen jadanik eragin politikorik. Logroñon hil zen 1879ko urtarrilaren 8an.
Loturak: >Bitor Luis Gaminde; >Manuel Gutierrez; >Paskual Madoz; >Manuel Mazarredo; >Narváez, Ramón María; >Zurbano, Martin;
Iturria: Elhuyar/ Lur/ eta beste