Aiala, Pedro II.a Lopez de
Pedro II.a Lopez Ailakoa Kexaan, Aiara, jaio zen 1332an eta Kalagorrin hil 1407an. Politikari eta idazle arabarra izan zen, aialatarren leinuko kide garrantzitsuena. Euskal Herritik kanpo lortu zuen ospea. Politikaria eta diplomatikoa izan zen Pedro I.a Ankerraren agintaldian hasi eta hil zen arte (1353). Poeta, historialari eta moralista bezala, Gaztelako literaturan maisu izan zen.
Pedro I.a Ankerra eta beronen ugazanaia Enrike II.a Trastamarakoaren arteko borrokan Pedro I.aren alde egin zuen, baina horrek Frantziara ihes egin behar izan zuen eta Enrike Trastamarakoa Gaztelako errege izendatu zutenean bere agindura jarri zen. Haren zerbitzura zegoela Printze Beltzaren kontra borrokatu zen Naiaran eta preso hartu zuten (1367); erreskatea ordaindu ondoren aske utzi zuten. Gaztelako erregeak Artziniega eta Orozkoko lurrak eman zizkien aialatarrei. Gasteizko alkate eta merio (1373) eta bere aitaren ondorengo izan zen Aiarako jaurerrian (1375). Toledoko alkate nagusi ere izan zen (1375). Gaztelak Aragoiko erresumara kontseilari gisa bidali zuen eta Frantziako Karlos VI.aren gortean ere egon zen, enbaxadore gisa, Gaztelako Joan I.aren erregealdian. Gortera itzuli zen Gaztela portugesen aurkako borrokan sartuta zebilenean (1385). Portugesek Pedro II.a preso hartu zuten eta kartzelan zegoela Rimado de Palacio kantutegia eta Crónicas de Palacio idatzi zituen. Erreskatea ordaindu ondoren aske utzi eta Gaztelako gorteko enbaxadore izendatu zuten; enbaxadore gisa Lancasterko elkarrizketetan parte hartu zuen Pedro I.a Ankerraren ondorengoen eskubideak argitzeko asmoz (1388).
Joan I.a hildakoan, Enrike III.a erregetzeko gazteegia zenez erregeordetzako kontseilua sortu zen eta bertako kidea izan zen. Enrike III.a erregetu zutenean Aiarara itzuli eta Kexaan kapera bat eraiki zuen. Erresumako kantzelari nagusi izendatu zuten lau erregeren agindura egon izanagatik (1398). Poeta, historialari eta moralista bezala, Gaztelako literaturan garaiko idazlerik nabarmenena izan zen.
Iturria: Harluxet