Fernando II.a Inkisiziokoa edo Faltsarioa (Katolikoa)
Aragoi-n jaio zen, Sos (Del Rey Catolico) herrian, 1452an eta Madrigalejo-n, Caceres, hil zen, 1516an. Nafarroako Joan II.a Trastamarakoaren eta Joana Enrikez-en semea. Aragoiko errege, Fernando II.a izenarekin (1479-1516); Gaztelako errege, Fernando V.a izenarekin (1474-1504); Siziliako errege, Fernando II.a izenarekin (1468-1516) eta Napoliko errege, Fernando III.a izenarekin (1504-1516). Nafarroa inbaditu (1512) eta errege izendatu zuen bere burua (1515) Fernando I.a Faltsua izenez ezaguna. |
Bere anai ordea Karlos IV.a Bianako printzea hil zenean (1461) Calatayud-eko Gorteetan Aragoiko errege-oinordeko gisa zin egin zuen; geroago, Siziliako errege izendatu zuen aitak (1468). 1469an, Isabel printzesarekin ezkondu zen, eta Isabel I.a Gaztelako erregina izendatutakoan (1474), harekin batera eta hura bizi artean (1504 arte) Gaztelako erregetzat aitortu zuten (Segoviako Konkordia, 1475). Isabel I.a hil zenean Gaztelako tituluak galdu zituen Joana Eroa alabaren alde. Joan Foixkoaren alaba Germana de Foix printzesarekin ezkondu zen (1504), baina ez zuen oinordekorik izan. Gaztela eta bere eskuko beste erreinuak alaba Joana, eta Felipe I.a Ederra errege-ezkontidearen esku pasa ziren.
Isabelek Joana Beltraneja garaitu eta Portugalekin bakea sinatu zuen urte berean, (Alcobendas, 1479). bere aita Joan II.a Trastamarakoa hil zenean koroatu zuten Fernando Aragoiko errege; gainera, Katalunia, Valentzia, Balear uharteak, Sardinia eta Sizilia eskuratu zituen. Gaztelako koroari lotu zizkion horiek guztiak, haiek beren nortasuna gorde bazuten ere. Fernando eta Isabelen agintaldian Espainiaren batasun politikoaren eta inperioaren oinarriak jarri ziren.1492an, Kristobal Kolonen enpresari laguntza eman eta horrek Ameriketako bidea urratu zuen. Musulmanen Granadako erresuma hartu (1482 1492) eta arabiarrak egotzi zituzten; Kanariak (1484 1496), Melilla (1497) eta Napoliko erresuma (1504) konkistatu zituzten; Cisneros Kardinalak Aljerreko erresuma konkistatu zuen (1501) eta Nafarroa inbaditzera Albako dukea bidali (1512) eta anexionatu egin zuten (1515).
Katolizismoaren erlijio-bakartasuna ezarri, Inkisizio modernoa sortu (1481) eta 1483an Ermandade Handia sortu zuten. Juduak atzerrira egotzi zituzten (1492). Euskal Herrian, sorginkeriaren aurka zapalkuntza gogorra burutu zuten. Inkisizioak beste egiteko ugari ere bete zituen, ia beti, kristau-ortodoxiaren defentsan edo aitzakian: heretikoen aurkako errepresioa, botere politikoaren ezarpena etab. Musulman andalusiarrek soilik izan zuten islama praktikatzeko baimena, Granadako hartzearen ondoren (1492). Fernando eta Isabel errege-erreginek ez zituzten Boabdil erregearekin sinatutako akordioaren espiritua bete. Letra bete zuten, gutxi gorabehera, baina ez menpekoen eskubide erlijiosoei buruz sinatutakoa. Hasiera-hasieratik erabakia zuten irabazitako plaza berrien biztanleek behin-behinekoa zutela Islamarenganako atxikimendua. Ituna, lerro artean irakurrita laster aurkituko zuten denak katoliko bihurtzeko aitzakiaren bat, Cisneros Kardinala lagun.
Hala ere, mairuak Portugaldik egotzi zituztenean Gaztelan izan zuten babesa, ez pasatzeko lekua bakarrik, baizik eta bertan bizi eta lan egiteko eskubidea ere izan zuten. Baina horrek, erlijio askatasuna izateak, kontraesan handia sortzen zuen gainerako biztanle kristauekiko. Erreformatzaileen eraginez katolikoei ez zitzaien onartzen erlijio askatasuna, aldiz, musulmanak Inkisiziotik libre ziren. Baina, 1499ko uztailean, Errege Katolikoak Granadara abiatu ziren, eta Cisneros deitu zuten bertara. Artean, Fray Diego Dezakoa zen Inkisidore Jenerala eta Fray Frantzisko Cisneroskoak haren esanetara zegoen. Cisnerosen egitasmoa gogorra bezain argia zen: mairu herritarrak kristau bihurtu edo kanpora bidali, juduekin egin zuten moduan. Baina, giristino eta musulmanak aldebiko hitzarmena zuten erlijio kontutan: musulmanek islamaren erritoen arabera bizi zitezkeen errege giristinoaren aginteko lurretan. Katoliko asko islamaren aldera pasa ziren, besteen artean, Inkisizioari ihes egiteko. Cisnerosek esku gogorrez eraman zuen musulmanen kristautzea.
Isabel I.a hildakoan (1504), Joana Eroa gobernatzeko ez gauza zela erabaki zuten; hortaz, Fernando Gaztelako erregeorde egin eta Joanaren ezkontidea zen Felipe I.ak, hartu zuten tronua; Fernando, Joan Foixkoaren alaba Germana de Foix printzesarekin ezkondu zen (1504), Nafarroako erresuma emaztearen jaraunspentzat eskatzeko. Felipe I.a hil (1506) eta Fernando bakarrik itzuli zen Gaztelako agintera. Nafarroan beaumondar eta agramondarren anaiarteko borrokak berpiztu zituen Fernandok, beaumondarren alde eginez; azkenik, Germanaren jaraunspen eskubideak aitzaki, Albako dukeari Nafarroa Garaiko eraso armatua agindu zion (1512).
Fernandok Nafarroako Gorteak errespetatuko zituela agindu zien Beaumondarrei; horrela, 1513ko martxoaren 13 eta 24an Beaumondar aldekoak ziren Gorteak bildu zituen Iruņean. Fideltasuna zin egitearen truke erregeak Foruak errespetatuko zituen eta fideltasun zinpea egin ez zuten agramondarrei barkamena agindu zien. Donibane Garaziko inbasioaren ondoren, 1513ko ekainaren 5ean Nafarroa Behereko nobleek ere men egiten diote. 1514ko urtarrilaren 29an bigarrenez eta 1915eko martxoan hirugarrenez biltzen dira Gorteak. Fernando, Aragoiko eta Nafarroako errege bezala azaltzen du bere burua, baina Germana Foixkoarekin oinordekorik izateko esperantzarik ez eta bere iloba Karlos I.a Gaztelako errege bihurtuko dela jakinda, Burgosko Gorteetan (1515-06-11) Nafarroa Gaztelako erresumara lotu zuen, Foru eta ohiturak gordeko zituela adierazita. Bere alaba joana izendatu zuen oinordeko eta, 1516ko urtarrilaren 23an hil zenean, Joana Eroaren seme Karlos I.ak errege titulua hartu zuen amaren izenean.
Loturak: >Pedro Idiakez; >Katalina Aragoikoa; >Liga Saindua; >Diego Martinez;> Rodrigo Santxez Merkado; >Navarro, Pedro; >Pierres Azkoiengoa; >Santxez Zamudiokoa, Martin; >Sevillako ituna; >Torquemada; >Zuņiga, Francesillo;
Iturriak: Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoa/ El problema Espaņol, Alberto Arana, HIRU, SL/ Lur Entziklopedia/ Manex Goyhenetche/ Auņamendi