Araba

.- Antzinako Araba bisigodoen garaia arte

Araban bertan antzinako aztarna askorik ez badago ere, badirudi Paleolitikoan Araba populatua zegoela. Hori pentsa daiteke, ikusita, inguruko lurraldeak populatuta zeudela eta Aitzabalgo haitzulotan aurkitutako aizkora garai horretakoa dela. Ziurtzat ematen da, halere, Mesolitikoan bai, populatua egon zela. Metal-Arokoak dira lehendabiziko populazio iraunkorrak; Brontze-Aroko aztarna da Egirazko Aizkomendi trikuharria, eta Burdin Aroko haitzuloetako pinturak daude. Araban zehar historiaurreko aztarnategi asko dago. Bilarko lurretan daude Sorginaren Etxola trikuharria eta La Hoya, Burdin Aroaren azken garaiko herriaren aztarna ospetsua (K.a. 1000 gutxi gorabehera).

Erromatarrak lautadan finkatu ziren eta nekazaritza garatzen lagundu zuten. Haien berriemaileei esker dakigu garai hartan euskaldunen lurraldea nondik nora zen; haiek aipatu zituzten autrigoiak, karistiarrak eta barduliarrak Arabako hegoalde eta hego-ekialdean kokatu zirela. Erromatarren esanetan guztiak baskoiak eta euskaraz mintzatzen zirenak ziren, orduko idazkietan agertzen direnez (354). Astorga eta Bordele lotzen zituen erromatar harbideetako bat lautadan barrena igarotzen zen, Iruña Okako Oppidum-a horren lekuko. Bisigodoen aztarnarik ez dago; gogor borrokatu arren bertako jendea menperatzerik ez baitzuten lortu, eta ez zuten Araban finkatzeko aukerarik izan. Hala eta guztiz ere, Lovijildok defentsa antolatzeko hiri bat eraiki zuen gaur egungo Gasteiz ondoan, Victoríaco izenekoa (581).

 

.- Nafarroako erresumaren sorreratik Napoleonen garaia arte

Arabiarrak penintsulan sartu zirenean, Asturiasko erregeek mendebaldeko baskoiekin gatazka ugari izan zituzten. Alfontso III.aren kronikan esaten denez, Alfontso I.ak Sopuerta eta Karrantza bereganatu bazituen ere, Bizkaia eta Arabako gainerako herriak bertakoenak izan ziren beti. Asturiarrek ezin izan zuten Araba konkistatu, baina, musulmanen aurka borrokatzeko hauekin bat egin zuten; horri esker, Alfontso III.a Garbiak, musulmanak garaitu egin zituen (Pancorbo haizpitartean, 816an). Araba borroka-leku eta kultur arteko topaleku izan zen. Erasoetatik babesteko gazteluak eta gotorlekuak eraiki ziren eta horien inguruan konderriak sortu (IX-X. mendea). XI. mendean Araba Nafarroako erresumaren barruan zegoen, Antso IV.a Gartzes Peñalengoa hil zuten arte (1076). Orduan, Lope Iñigez kondearen bidez Gaztelako Alfontso VI.aren agindupera pasa zen. Gartzia IV.a Ramirez Berrezarlearen agintaldian berriro Nafarroara bildu zen (XII. mendea), baina Antso VII. Azkarraren agintaldian Alfontso VIII.a Gaztelakoak Leongo erregearekin bakea eginda Aragoiko Pedro II.arekin hitzartu zuen euskaldunen erresuma banatzea (Calatayud, 1198). Antso VII.a Azkarra Maroko zegoela aprobetxatuz, Gaztelako Alfontso VIII.ak Gasteiz setiatu zuen; ondoren, Araba eta Gipuzkoan sartu zen. Gobernariak aldatu zituen Gebarako leinukoaren ordez Haro-ko Diego Lopez II.a jarri zuen. Gasteizek urtebeteko setioa jasan zuen eta Nafarroak sekulako galera izan zuen, lur horiek nafar merkataritzaren berezko irtenbidea baitziren. Euskal Herritik Marokora mezulari bat atera zen eta erregeari kontatu zion gertatutakoa.

Antso VII.ak errenditzea agindu zien Gasteiztarrei, Alfontsok Gasteiz eta Trebiñoko konderria Gaztelako koroapean jarri zituen (1200). Gainerako herriak Nafarroatik banandu egin ziren, baina Alfontso XI.aren erregealdira arte ez ziren Gaztelako koroapean sartu (1332). Gaztelako erresumarekin  elkartzea pribilegio eta baldintza berezitan egin zen: Foruen bidez. Garai hartan, erregeek sortutako hiribilduak ere ermandadetan biltzen ziren eta hauek aldi berean koadrilatan; horixe zen aginte-organo gorena. Ez zegoen lege-kode idatzirik; ohitura lege bilakatu, eta foruen babesean gobernatzen zen. Arriagako Kofradia izan zen Arabako lehen antolamendu politikoa (1258). Hiribilduek beren aginpidea gero eta lurralde gehiagotara hedatu zuten eta Arriagako Kofradiaren boterea murriztu egin zen. Azkenean, Araba Gaztelako Alfontso XI.a Mendekariaren esku utzi zuen Kofradiak (1332). Geroztik, erregearen ofizialek eta hiribilduetako alkateek gobernatu zuten. Arabako botere nagusia bertako Batzar Nagusietan zegoen; erregea babesle baino ez zen eta bere eginbeharra Foruak zin egitea zen. Gaztelako Enrike II.ak Trebiñoko konderria Gaztelako gobernadore nagusiari eman zion (1366); eta harez gero, ez du lortu Arabara itzultzerik. XVI. mendean bukaeraz gero, Trebiño administrazio aldetik Burgosen menpe dago. XVII. mendean demografiak behera egin zuen, nekazaritza eta merkataritzak, berriz, atzera eta euskarak ere bai; Gasteiz, XVIII. mendean hiri elebiduna zen.

 

.- Napoleonen ondoren 1978ko Konstituzio Espainola arte

Konbentzio Gerran tropa frantziarrak Gasteizen sartu ziren 1795ean; Napoleonen tropak ere sartu ziren 1809an, eta denboraldi batean Jose Bonaparteren gortea Gasteizen egon zen. Foruek 1812ko konstituziora arte iraun zuten. Fernando VII.ak konstituzioa ezabatu ondoren, foru-erregimena berrezarri egin zuen (1814); ondorengo urteetan ordea, foruak biziki murriztu ziren (1815 - 1817). Probintzien arteko banaketa egin zenean (1832) Trebiño Burgosen menpera pasa zen, populazioaren gehiengoak Araban geratzeko borondatea agertu bazuen ere. Lehenengo Gerra Karlistaren ondoren foruak ez ziren errespetatu eta diputazioak sortu ziren (1837). Hainbat urtez foruak ezarri eta kendu ibili ondoren, Bigarren Gerra Karlistaren porrotaren ostean foru-erregimena erabat deuseztatu egin zen (1876). Harez gero, kontzertu ekonomikoak ezarri ziren.

Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, Francorekin, Arabak eta Nafarroak kontzertu ekonomikoa mantendu egin zituzten, Gipuzkoak eta Bizkaiak ez bezala (1937). Horri esker, Arabako Foru Aldundiak zenbait eskubide izan zuen: administraziorako autogobernua eta zerga-sistema berezirako eskubidea. Franco hil ondoren, Espainian erreforma egin zen eta 1978ko abenduaren 6an Konstituzio berria ezarri zen. Ondorioz, Batzar Nagusiak eta Foru-Diputazioa berrezarri egin ziren, Gernikako estatutuaren bidez (1981), Bizkaia eta Gipuzkoarekin batera Euskal Autonomi Erkidegoa osatzen du. Gasteiz da EAEren hiriburu politiko-administratiboa; bertan daude Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra. EAEko lehendakariaren egoitza ere Gasteizen dago, Ajuria-enea jauregian. 

Iturria: Elhuyar