<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Oinaztar eta ganboatarren ahaide nagusien borrokak

Oinaztarren eta ganboatarren ahaide nagusien arteko liskarrak eta batailak XIII. mende bukaeratik XV. mende erdialdea arte hedatu ziren nagusiki, baina haien etorkia lehenagokoa zen. Lazkaoko leinu gipuzkoarra izan zen oinaztarren etxe nagusia eta Ganboako leinu arabarra ganboatarrena. Urteen poderioz sare oso bana hedatu zuten hiru herrialdeetan, Nafarroako eta Iparraldeko agramontar eta Beaumontarren gisa bereko leinuekin ere harremanak zituztenak.

Araban sortu ziren leinu indartsuenak XI. eta XII. mendeetan (Gebara eta Mendoza etxeak), baina Gipuzkoan gorpuztu ziren alderdiak ondoko mendean eta handik berehala hedatu ziren Bizkaia aldera. Gipuzkoan ganboatarren aldekoak ziren, oro har, kostaldeko Deba ibaiaren arroko (Elgoibarko Olasoko etxearen inguruan) eta Urola aldeko (Iraetako etxea Zestoan eta Baldakoa Azkoitian) ahaide nagusiak. Oinaztarrak Gipuzkoako Goierrin eta erdialdean (Oria ibaiaren arroan) ziren gailen.

Ganboatarrekiko mugan zeuden Loiola eta Enparan Azpeitiko etxe oinaztarrak. Bizkaian Abendaņo (Arratia) eta Salatzar (Enkarterriak) etxeak ziren leinu ganboatar nagusiak eta Butroe (Larrabetzutik Plentziaraino), Muxika (Gernika- Busturia) eta Salzedo-Marrokin (Enkarterriak) etxeak oinaztar nagusiak.

Bizkaiko elizateak eta hiribilduak oinaztarren eta ganboatarren artean banatu ziren XV. mendean. Aditu batzuen aburuz, bi gizarte molde ordezkatzen zuten oro har bi leinuek: artzaintzari eta mendi ekonomiari hertsiki lotuak bide ziren oinaztarrak eta nekazaritzan, merkataritzan eta itsasketan ziharduten batez ere ganboatarrek. Politika mailan, Gaztelako koroaren aldekoak ziren oinaztarrak, eta Nafarroako koroaren aldekoak ganboatarrak, aldekotasun hauek neurri batean beti ere.

Nolanahi ere, Gipuzkoa eta Bizkaia bereziki jo zituzten ahaide nagusien arteko liskar hauek azalera ekarri zuten. Europako gizartean garai hartan gertatzen ari ziren aldakuntzen kontraesanak (demografiaren hazkundea, ekonomia molde berriek ekarritako krisia, feudalismoaren garraztasuna, hiri berrien eta lurrari loturiko herrien arteko gatazkak...) Laborariek eta menditar xehek pairatu behar izan zituzten jauntxo eta noble txiki haien arteko liskarrak eta asko izan ziren, halaber, alderdi bereko jauntxoen arteko gorabeherak. Egoera horrez baliatu zen Gaztelako erregea bere nagusigoa ermandadeen eta hirietako burges herrien bidez bermatzeko eta 1483an amaitu baziren ere modu ofizial batez, Chinchilla-ren kapitulazioak, ahaide nagusien arteko liskarrak, baina ez zen amaitu haien eragina.

Loturak: Lope Gartzia SalazarkoaMuxika leinua; Urtubia, Maria;  

Iturria: Lur Entziklopedia