<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
baskoiak
Antzina euskararen lurraldean bizi zen euskal-tribua izendatzeko hitza. Erromako berriemaileen arabera eta Plinio Zaharraren idatzietan batez ere, baskoiak Pirineoen eta Kantabriar mendikatearen artean bizi ziren, haien gunea gaurko Nafarroan zegoen. Beren hedapen handieneko garaian (K.o. I. eta II. mendeetan) Huescako Jacatik Errioxako Kalagorri eta Alfaroraino zeuden zabalduta, eta Irun eta Oiartzundik (Oiarsouna) itsasoraino iristen ziren. Baskoiek osatzen zuten, beraz, gaurko Pirinioetatik beherako euskal lurraldeko antzinako populazioa, barduliarrak, karistiarrak eta autrigoiak, eta erromatarrak etorri aurretik euskaldundutako iazetaniar eta susetaniarrekin batera. K.a. 76. eta 75. urteetan baskoiak erromatarren menpe zeuden nonbait, haien osteak lasai igarotzeko eta bertan beharrezko zutenaz hornitzeko ez baitzuen eragozpenik aurkitu, Tito Livioren eta Salustioren kondairek aditzera ematen dutenez. Gainera, 179an Kalagorri (Graccurris) eta 75ean Iruņea (Ponpaelo, Pamplona) hiriak behintzat eraikiak zituzten erromatarrek.
Ager Vasconum (Nafarroaren erdialdea eta hegoaldea) eta Saltus Vasconum (Nafarroaren iparraldea edo mendialdea) eskualdeen artean erromatarrek egindako banaketa ez zen geografikoa soilik, bazen administratiboa ere, eta erromanizazioaren hedapena adierazten zuen azken batez, antolakuntza sozialari, erlijioari, eta abarri zegokienez: lautadan mendialdean baino askoz handiagoa zen erromanizazioaren eragina. Hizkuntzari dagokionez, erromatarren administrazioan latina sartzeak eta hirietako klase boteretsuenek ere beren hizkuntza gisa hori hartzeak, Ebroren ibarraren neurri bateko erromanizazioa ekarri zuen, baina funtsean beren hizkuntzari, euskarari, eutsi zioten baskoiek, batez ere nekazaritza-giroan.
V. mendean iparraldetik zetozen bisigodoen migrazioen eta inbasioen igarobide nagusi bihurtu zen baskoien lurraldea, eta erromatar administrazioa deseginda geratu zen, bertako egitura sozio-politiko berriei lekua emanez. Leovijildo, Rekaredo eta ondorengo erregeek ezin izan zituzten iraunkorki baskoiak menperatu VI. eta VII. mendeetan, horiek beren independentziaren alde etengabe altxatzen zirelako; erregeon kroniketan behin eta berriro agertzen den domuit vascones ("baskoiak garaitu zituen") esaldia agertzeak azken batez horixe adierazten du. Suintila bisigodoak menperatu bazituen (630), Wamba-ren (672) eta Rodrigoren (711) garaian berriro asaldatu egin ziren. Bisigodoen garaian, ordea, "baskoi" izena erromatarren garaiko tribuarekin (batez ere mendialdeko jendearekin) batera euskal lurraldeko beste tribuak ere izendatzeko erabiltzen zuten.
Horiek gogor egin zieten aurre bisigodoei, Nafarroako lurralde laua, Iruņetik beherakoa, haien eraginpean ibili zen bitartean. Garai horretan Pirinioetatik gorako euskaldun erromanizatuagoekin ere harremanak estutu egin zituzten baskoiek, herri germaniar eta frankoen aurkako borrokan. Horren ondorioz baskoien lehen eraketa politikoa iparraldean gertatu zen, Baskoniako dukerria eratuz (602); bi mende geroago Gaskoniako dukerriari emango zion lekua horrek, Novenpopulaniako lurraldean, Akitania historikoan. (Gaskoi eta Gaskonia hitzak baskoi eta Baskonia hitzetatik datoz). Arabiarren inbasioak eta franko-karolinjioek ere menperatu nahi izan zituzten baskoiak, baina ez zuten lortu. Karlomagno I.a Handia errege frankoak sekulako porrota jasab zueb orreagan (778) eta bere ondorengo Ludoviko Piok bigarrenez erorita baskoien lurraldean beste unitate politiko independente bat sortarazi zuen: Iruņeko erresuma, Eneko Aritza lehen errege baskoiaren eskutik (824).
Loturak: Txindasvinto;
Iturria: Harluxet