<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
karlismoa
Espainiako Borboi etxeko azpiadarra: 1833az gero Espainiako koroa beretzat eskatu zuen Karlos Maria Isidro infantearengandik eratorritakoa. Karlosen jarraitzaileek ez zuten 1830eko Santzio Prakmatikoa onartu, ez eta Isabel II.ari eta haren ondorengoei Espainiako tronurako eskubiderik. Karlosek hasieran Santzio Pragmatikoa onartu bazuen ere, bere anaia Fernando VII.a hil zenean ez zuen haren alaba Isabel II.a tronurako ondorengotzat onartu nahi izan (1833). Portugalera ihes egin zuen eta bertan bere burua Espainiako errege izendatu zuen, Karlos V.a izena hartuta, 1833ko urriaren lehenean. Ondorioz, Lehen Gerra Karlista piztu zen (1833 - 1839).
1834ko uztailean Nafarroara sartu zen Zugarramurditik eta Zumalakarregi izendatu zuen armadako Batzorde nagusiko buru. Bergarako hitzarmenaren ondoren (1839), Frantziara joan zen eta bere seme Karlos Luisen alde abdikatu zuen (1845). Honek Karlos VI.a izena hartu zuen. Karlistek hainbat altxamendu-saio egin zuten Katalunian (1846 - 1849), baina altxamendua porrot itzela izan zen. Karlos Luisek bere eskubideei uko egin zienean bere anaia Joan Karlos Borboi-Bragantzakoak ondorengo legitimo izendatu zuen bere burua eta, Joan III.a izena hartuta, Isabel II.ari tronua uzteko eskatu eta Espainiako gorteen aurrean bere eskubideak aldarrikatu zituen. Ezer lortu ez zuenez, amore eman eta Isabel II.a onartu zuen. Britainia Handian bizi izan zen gerora, politika utzita.
Bazirudien arazo karlista bukatu egin zela, baina 1864an Beirako printzesak, Karlos Maria Isidroren bigarren emazteak, Joan (Don Karlos, Madrilgo duke) seme nagusia errege aldarrikatu zuen eta 1868an semeak Joanek beraren alde abdika zezala lortu zuen. Karlos VII.a izenaz Espainiako tronua eskuratu nahi izan zuen. 1870ean Alderdi Karlistaren buruzagitza hartu zuen eta Bigarren Gerra Karlistan parte hartu zuen (1872 - 1876). 1872an Nafarroara sartu zen Beratik, baina garaitu egin zuten eta 1876an Nafarroatik alde egin behar izan zuen. 1880an Frantziatik kanporatu egin zuten.
1900ean Madrilgo dukeak azken altxamendu-saio bat egin zuen Katalunian. Ondorengoa izan zen Jaime Borboi-Parmakoa. 1909an Alderdi Karlistaren buruzagitza hartu zuen eta Alderdiak jaimista izena hartu zuen. Hil aurretik Alfontso XIII.arekin adiskidetu eta itun bat sinatu nahi izan zuen karlisten aldarrikapenei amaiera emateko, baina ondorengorik gabe hil zen (1931) eta karlistek Jaimeren osaba Alfontso Karlos Borboikoa hautatu zuten ondorengo. Bigarren Gerra Karlistan Kataluniako armadako buru ibili zen, baina anaiarekin ez zen ongi moldatzen eta Alemaniara joan zen. Jaime hildakoan (1931) Alfontso izan zen ondorengoa, baina oso zaharra zen eta ez zuen seme-alabarik. Bera hildakoan ez zen gelditu Karlos Maria Isidroren ondorengo zuzenik adar maskulinotik.
Orduan karlistek Xabier Borboi-Parmakoa izendatu zuten erregeorde, berak ondorengo bat izenda zezan. Xabier Espainiako Felipe V.aren urrutiko ondorengoa zen eta karlismora alboko adar batetik iritsia zen. Karlismoaren ondorengo zuzena, adar femeninotik bazen ere, Karlos Habsburg-ekoa zen, Karlos VII.aren biloba. Karlismoa zatitze bidean jarri zen. Espainiako Bigarren Errepublikaren aurkako altxamendua prestatzen ibili zen eta 1936an Francoren alde azaldu zen, Espainiako Gerra zibila piztu zenean.
Bigarren Mundu-Gerra bukatu ondoren, Xabierrek, Frantziatik, Espainian monarkia berrezartzea eskatu zuen. Karlista batzuek Estorilgo itunaren bidez (1957), Alfontso XIII.aren seme Joan Borboikoa ondorengo legitimotzat onartu zuten (Karlos Maria Isidroren adar maskulinotiko ondorengotza galduta, hurrengo lerro maskulinoa bilatu beharra defendatzen zuten haiek; hurrengo lerroa, Karlos IV.aren seme gazteena eta Karlos Maria Isidroren anaia izan zen Frantzisko Paulakoarekin hasten zen. Beronen seme zaharrena, Frantzisko Asiskoa, bere lehengusina Isabel II.arekin ezkondu zen. Beraz, bion seme Alfontso XII.a karlisten ondorengo legitimoa zen, eta ondorioz honen seme Alfontso XIII.a ere bai); Hala eta guztiz ere, gehienek Xabier onartu zuten. 1977an Xabier hil zen, baina 1972an bere seme Karlos Hugoren alde abdikatu zuen.
Karlosek Alderdiaren ideologia aldatu egin zuen eta Espainian barrena ibili zen monarkia defendatuz. Alderdia ezkerrerantz aldatu zuen: klase-borroka eta federalismoa onartu eta sozialismo autogestionarioa defendatzen zuen. 1968an Francoren gobernuak Espainiatik irtetera behartu zuen. Eskuin-muturreko karlista tradizionalistek ez zuten Alderdiaren izaera berria onartu eta, Karlosen anaia gaztea Sixto Borboi-Parmakoa proposatu zuten erregegai 1976an. Karlismoa berriro ere zatitu eta elkarren kontra hasi zen, gogorrak izan ziren Jurramendiko gertaerak eta aurrerantzean karlismoa desegin egin zen. Tradizionalistak Espainiako eskuin-muturreko talde politikoetan barneratu ziren. Alderdi ofiziala, Karlos Hugo buru, hauteskunde orokorretara aurkeztu zen 1979an, baina ez zuen emaitza onik izan (Nafarroan, dena den, botoen % 7,7 lortu zuen: 19.522 boto); 1980an Karlos Hugok politikari utzi eta tronurako eskubideari uko egin zion. Alderdi Karlista, Euskadiko Karlista barne, ere handik gutxira politika aktibotik desagertu egin zen.
Loturak: >Dorregarai, Antonio; >Pradera Larunbe, Victor;
I: Harluxet