<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Euzko Jaurlaritza
.- Errepublika eta gerra garaiko Euzko Jaurlaritza.
1936an, Espainiako Errepublikako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako autonomi estatutua onartu ondoren sortu zen (1936 - X - 7). Ordurako Franco matxinatu eta Mola jeneralak Donostia hartua zuen (1936 - IX - 13). Jaurlaritza behin-behineko izaeraz eratu zen, gerra egoera zela eta. Alkateek lehendakaria hautatu zuten: Jose Antonio Agirre. Gobernua EAJ, PSOE, ANV-EAE, Ezkerreko Alderdi Errepublikarra eta Batasun Errepublikarra (UR) alderdietako ordezkariak osatu zuten, anarkistek parte hartzeari uko egin zioten. Jaurlaritzaren helburuak, erlijio-askatasuna, gobernuaren menpeko aginte militarraren sorrera (euzko gudarosteak), euskal polizia sortzea, legeria sozial eta aurrerakoia egitea, maila guztietan euskararen irakaskuntza bultzatzea, euskaldunen berezitasunak babestea eta frankisten esku zeuden euskal lurraldeak berreskuratzea izan ziren.
Baina Espainiako Gerra Zibilak hartutako norabidea ikusirik, gerran parte hartzea erabaki zuen: soldaduak mobilizatu, uniformeak banatu eta behar zuen guztia militarizatu zuen (ospitaleak, erizainak e.a.). Frankistek Bilbo hartu zutenean Jaurlaritzak Santanderrera ihes egin zuen eta gerrari amaiera eman zion Santoņako Ituna sinatu zuen (1937 - VIII - 25). Ondoren erbesteratu eta euskal errefuxiatuei babesa eta laguntza eman zien (1937ko azaroa). Gero Frantziara pasa zen. Geroztik, gobernu-kideak han eta hemen ibili ziren Europako gerrak ez zutelako laguntzen. Bigarren Mundu-Gerran aliatuen alde azaldu zen beti. Espainian frankismoak zirauen bitartean, Euskal Gobernuak erbestean lan egin zuen Euskal Herrira baldintza egokietan itzultzeko. Jose Antonio Agirre hil zenean Jesus Maria Leizaolak hartu zuen lehendakaritza (1960).
Loturak: >Agirre, Joxe Antonio; >Joan Iglesias; >Frantzisko Landaburu; >Monzon, Telesforo; >Nardiz, Gonzalo; >Saseta, Kandido; >Urrestarazu, Antonio Karmelo
.- Demokrazia garaiko Eusko Jaurlaritza.
Espainian, Franco hil ondoren egindako lehen hauteskundeetatik Euskal Parlamentarien Asanblea sortu zen (1977). Eusko Kontseilu Nagusiak, aurreautonomia garaian, Eusko Jaurlaritza berrera zedin lan egin zuen. Gernikako estatutua onartu ondoren, Eusko Jaurlaritza berria eratu zen (1980 - IV - 24). Karlos Garaikoetxea izan zen Eusko Jaurlaritza berriko lehen lehendakaria (1980). Bigarren legealdian ere Garaikoetxea izan zen lehendakari, baina EAJ barruko desadostasunak medio, lehendakaritza utzi (1984) eta Jose Antonio Ardantza hautatu zuten lehendakari (1985).
Loturak: Ramon Jauregi; Jean-Raymond Larrouyet; Santiago Meabe; Monzon Reparaz, Jesus; Moreno Plaza, Enrike;
Iturria: Elhuyar