Isabel I.a Inkisiziokoa edo Katolikoa
Isabel I.a Madrigal de las Altas Torres-en jaio zen, 1451an eta Medina del Campo-n hil zen, 1504an. Gaztelako erregina (1474 – 1504), Gaztelako Juan II.aren eta Portugalgo Isabelen alaba zen.
Bere anaia Alfontso hil zenean, Isabel Gaztelako koroaren jaraunsle izendatu zuten, Guisandako itunaren bidez (1468); erreginaren anaiorde Enrike IV.ak, beronen alaba Joana Beltranejaren eskubideak baztertuz onartu zuen delako itun hori; baina, Joana Beltranejak Gaztelako koroa eskuratu nahi zuenez, Portugalen laguntzarekin gerra zibilari hasiera eman zion. Isabelen aldekoek garaitu ondoren (1476) Portugalekin bakea sinatu zen (Alcobendas, 1479).
Fernando II.a Aragoikoa-rekin ezkondu zenean (1469), Enrike IV.aren interesen aurka azaldu zen eta hark Isabel desjarauntsi egin zuen. Baina Enrike IV.a anaiordea hiltzean (1474), Isabelek bere burua Gaztelako erregina izendatu zuen (Segovia, 1475). Joanaren aldekoek Portugalgo Alfontso V.aren laguntzaz gerra zibila sortu zuten. Fernando II.a Aragoikoak bakarrik agindu nahi zuen eta bere tropak Toron (1476) eta Albueran (1479) garaile atera ziren, gerrari amaiera emanez. Isabelek Granadako erresumaren konkista antolatu eta Cisneros Kardinalaren erreforma erlijiosoak bultzatu zituen, judu eta musulmanen konbertsioa bortxaz lortuz. Bere senarrarekin batera Inkisizio modernoa sortu zuen eta haren iritziaren aurka, Kristobal Coloni lagundu zion. 1497an Gaztelak Melilla beretu zuen.
Isabel hildakoan Joana Eroaren esku, eta ez Fernando senarrarengana, pasa zen Gaztelako erregetza, nahiz eta haien erregetzaren esaldi entzutetsuena izan: "Tanto monta, monta tanto...".
Loturak: Katalina Aragoikoa; Diego Martinez; Rodrigo Santxez Merkado; Sevillako ituna; Torquemada;
Iturria: Elhuyar