Joan II.a Gaztelakoa
Joan II.a Gaztelakoa Toro-n jaio zen 1405ean eta Valladoliden hil 1454an. Gaztelako erregea (1406 - 1454) eta Bizkaiko jauna. Katalina Lancasterrekoaren eta Gaztelako Enrike III.aren seme eta ondorengoa. Maria Aragoikoarekin ezkondu zen lehenengo; eta gero, Isabel Portugalgoarekin: Isabel I.a Inkisiziokoa sortuko zen horiengandik.
Bere aita hil zenean, 1406ko abenduaren 26an egin zuten Gernikako Juntetan Bizkaiko jaun. 1407an bertan erabaki zuten Foruak markatzen zituen errentak ez zirela ordainduko, erregeak edo haren ordezkariek, foruak errespetatzeko zin egiten ez zuten bitartean, aurreko erregeek egiten zuten moduan. Adinez txikia zen bitartean, bere ama Katalina eta osaba Fernando Antekerakoa, gero Aragoiko Fernando I.a izango zena, izan ziren erregeorde. 1407ko uztailaren 16an Katalina erregeordeak sinatu zituen Bizkaiko Foruak Fortun Ruiz Abendainokoaren aurrean. 1417ko otsailaren 6an sinatu zituen Katalinak Arabako Lege eta Ordenantzen Koadernoa, Arabako legeen lehen bilduma idatzia.
Benetako agintea, ordea, Alvaro de Luna Kondestableak zuen. Lunak hiri burgesiaren eta noble txikien laguntza jaso zuen eta ordainean, haien aldeko neurri ekonomikoak hartu zituen: Gaztelako artilearen alde eta "kristau berrien" aurka egin zuen. Musulmanen aurkako gerrari eutsi zion eta guztiz menperatu zituen Higueruelako batailan (1431). Gaztelako Handikiak erregearen aurka matxinatu ziren, Joan II.a Trastamara Nafarroa, Aragoi eta Kataluniako erregearen laguntzarekin, baina Alvaro de Lunaren gudarosteek zapaldu zituen Olmedoko batailan (1445). Hala ere, Alvaro de Lunaren aurkako presioek ez ziren amaitu eta Enrike printzea bera ere aurka jarri zitzaion. Joan II.a Gaztelakoak Alvaroren herio-zigorra sinatu zuen 1453an eta urte berean moztu zioten lepoa Valladoliden. Bestalde, Nafarroako Karlos IV.a Bianako Printzeak eskatuta, horren aita Joan II.a Trastamarakoaren aurka borrokatzeko laguntza eman zion.
Joan II.a Gaztelakoaren garaian areagotu egin ziren Euskal Herriko mendebaldean ahaide nagusien arteko borrokak; Ahaide Nagusiak Ermandadeak baino indartsuak ziren eta liskarrak etengabe gertatu ziren: 1448an Arrasate erre zuten Gebararrek eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Gipuzkoako osteek. 1452ko ekainaren 2an, Gernikako Juntak Foruak idaztea erabaki zuen. Garai horretan ere hasi ziren Hego euskal jatorriko militar eta politikariak Gaztelako gortearen inguruan nabarmentzen. Joan II.a Gaztelako 1454ko uztailaren 21ean hil zen eta guztiz egoera zailean utzi zion erresuma Enrike IV.a Zistorra bere seme eta ondorengoari eta, hori hildakoan Isabel I. Inkisiziokoari eta honen anaia Alfontsori.
Iturria: Elhuyar/ Lur