Alfontso X.a Jakituna Gaztela-Leongoa
Alfontso X.a Toledon jaio zen 1221ean eta Sevillan hil 1286an. Gaztela eta Leongo erregea (1252 - 1284). Fernando III.aren eta Beatriz Suabiakoaren seme zaharrena.
Bere aitarenak hartu zuen inperio handinahia eta diplomazia egiteko era iluna. Nafarroako Teobaldo I.a erregetu bezain laster Nafarroan sartzen saiatu zen, baina erresumako nobleek Aragoitarren laguntza eskatu zuten. 1225ean egonezin handia sortu zen Gaztelarrek hartutako Nafarroako lurretan eta Haroko Lope Diaz III.ak bere aurka egin zuen. Gaskoniako lurraldearen gainean jaraunspen eskubideak eskatu zituen (Gaztelako Alfontso VIII.a Akitaniako Leonorren alaba batekin ezkondu zen) eta Alemaniako Inperioko koroa ere bere ama Suabiako Beatrizen ahaide zela aitzakiaz.
1256ko urtarrilaren 1ean, Gaztelako Alfontso X. Jakituna eta Nafarroako Teobaldo II.a erregeek Gasteizen bildu ziren, bilera horren ondorioz Alfontso X.ak Nafarroako erregeari Donostia eta Hondarribia itzuli zizkion "betiko". Bere agintaldian Gaztelako nobleak eta Murtziako musulmanak (1264 - 1266) altxa eta marindar afrikarrak penintsulan sartu ziren.
Nafarroako Enrike I.a errege zela (1270 - 1274) bere anaia Felipe infantearen kontra egin behar izan zuen. Felipek laguntza eskatu zion Enrikeri, baina, Nafarroakoak Alfontso VIII.ak kendutako lurrak itzultzea baldintza jarri zion eta Felipek Granadako erregearen laguntzaren bila joan zen. Nafarroako Joana I.a erreginak bi urte zituela, berriz, (1274) Alfontso X.ak bere tutore izan nahi izan zuen Aragoi eta Frantziako erregeekin nor gehiagoan. Nafarroako Gorteek, ordea, Montagut-eko Pedro Santxez hautatu zuten haren tutore. Nafarroaz jabetzeko ahaleginak hutsean geratu zirela ikusita Fernando oinordekoa bidali zuen oste handien buru. Logroņotik Ebro ibai zeharkatu eta Biana hartzeko plana egin zuten, baina biandarrek aurre egin eta oste gaztelarrak atzera egin behar izan zuten. Joana I.aren ama Blanka Artoiskoak bere alaba Felipe I.a Ederra frantsesarekin ezkontzea erabaki zuen, Gaztelarren erasoa gelditzearren.
Alfontso X.a Jakituna Gaztela-Leongoak Letrak eta zientziak bultzatu zituen eta gaztelaniazko prosaren aitzindaritzat hartzen da. Ama Birjinari egindako kantigak eta astronomiari buruzko liburuak idatzi zituen. Berak aginduta "Alfontsotar taulak" egin zituzten (1272). Bere seme Gaztelako Antso IV.a izan zen ondorengoa.
Loturak:
Iturria: Elhuyar/ Auņamendi