Donostia
Kristo aurreko lehen mendean, Erromatarrak Euskal Herrira iritsi zirenenan, euskal tribuetako baskoien eta barduliarren lurraldea zen Donostia eta Oiarso izeneko itsaso portu bat omen zegoen bere eki-iparraldean, Pasaia eta Irun bitartean. Euskara zen bertakoen hizkuntza eta bizirik dirau egun ere. Gaur egungo Antigua auzoan, Hernani izenez aipatzen ziren lurretan, San Sebastian izeneko monasterioa zegoen. Monasterio horren lehen erreferentzia idatzia, Antso III.a Gartzes Nagusiak Leireko monasterioari egindako dohaintzan agertzen da (1014). Donostiako itsaso aldeko lurrak "Izurun" izenaz ere aipatzen ziren.
Akitaniako Leonor ezkondu zenean Frantziako Luis VII.a Gaztearekin (1137), Gaskoniako lurraldeak Frantziarren eskuetara pasa ziren, baina, Luis VII.arekin ezkontza zapuztu eta Enrike II.a Plantagenetekin ezkondu zenean (1152), gaskoi batzuk beren lurretatik irten eta Bidasoa eta Oria artean finkatu ziren (hiriko zenbait toponimiotan ageri da haien arrastoa: Montpas, Morlans, Polloe etab. Nafarroarekin merkataritzan ziharduen portu nagusia Baiona zen, baina bokalea itsutu zenean, baionesek Gipuzkoako itsaso portuetara jo zuten eta bertatik jarraitu zuten Nafarroarekin harremanetan. Antso VI. Jakituna erregeak Hiri-Gutuna edo "frankoen forua" eman zion (1150 - 1164) eta bertan finkatutako gaskoinei hainbat erraztasun eman zien, baita ere, salerosketen gaineko zerga berezirik ez ordaintzea eta zenbait merkatal abantaila. Hiri-Gutuna jaso aurretik portu eta hiri sendoa zen Donostia, balea eta bakailaoaren arrantzan batez ere. Gipuzkoako gaskoinek eskatuta bereziki, Baionako apezpikua biziki saiatu zen Donostia eta Hernanialdeko lurrak bere eliz barrutira eramaten, aurretik Irun eta Oiartzun aldea bereak ziren bezala; ez zen horrelakorik gertatu, baina gaskoinak bultzaturik eraiki ziren San Bizente (XV - XVI.m) eta berreraiki Santa Maria (1743 - 1764) elizak Donostian.
Nafarroako Antso VII.a Azkarrak, berriz, Urgull mendian "La Mota" izeneko gaztelua eraikiarazi zuen, 1199an gutxi gorabehera, eta haren inguruan eraiki ziren etxe eta eraikuntza berriak. Arrantza portu izateaz gain bestelako itsaso-komertzioan ere hasi zen Donostia. 1200ean, ordea, Gaztelaren zabaltzeak itsaso-portu bat behar zuela-eta Antso VII.a Azkarra Marokon zegoela aprobetxatuz, Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak Nafarroa inbaditu eta Araba eta Gipuzkoa hartzea lortu zuen, Donostia bereganatu eta gaztelua eta harresiak sendotu egin zituen. Gaztelako erregeak emandako pribilegioei esker garapen handia izan zuen. Merkatal portu garrantzitsu bilakatuta, inguruko portuekin lehian hasi zen. Jauntxoen kontrako borroketan ez zuen esku hartu, baina Ermandadeetan sartu (1296) eta Batzar Nagusietan parte hartzen hasi zen (1397). 1489an, berriz, "Santa Katalina" itsasgizonen kofradia sortu zen. Komuneroen matxinadan (1520 - 1522) Karlos I.aren alde egin, eta Nafarroako Enrike II.a Albretekoen kontra tropak bidali zituen (Noain eta San Martzialgo batailetara); ordain gisa Karlos I.ak "Hiri Txit Noble eta Leial" titulua eman zion (1522).
1597an, izurriak gogor astindu zuen Donostia. Kutsatutako jendea Santa Klara uhartean isolatzen zen. Gaztela eta Frantziaren arteko gerran gipuzkoarrek Hendaia, Urruņa, Ziburu eta Donibane Loitzune hartuz zituzten (1636), baina, Pirineoetako Itunak amaiera eman zion liskarrari. 1719an, berriz, Berwic duke eta Frantziako mariskalak setiatu eta konkistatu egin zuen Donostia, hiru urtez egon zen Donostia frantsesen pean. 1728an, Caracasko Erret Konpainia Gipuzkoarra sortu zen eta horrek bultzada handia eman zion Donostiako merkataritzari. 1794an, Konbentzioko armada sartu zen eta hurrengo urtean Gipuzkoako Errepublikaren sorrera sinatu zen (1795 - VII - 22); nahiz eta hogeita hamabi egun geroago Basileako Itunarekin amaiera eman sinatutakoari. Napoleonek 1808ko martxoan hartu zuen hiria, baina, Wellington dukearen tropa anglo-portugaldarrek Donostiako setioa antolatu zuten: hiriari eraso egin, erre eta suntsitu egin zuten (1813 - VIII - 31). Herritarrak Zubietan bildu eta hiria berreraikitzea erabaki zuten; Oraingo alde zaharrari Erdi Aroan zuen itxurari atxiki zitzaion (kale estuak, angelu zuzenak, konstituzio enparantza). Lehen Gerra Karlistan hiriak Isabel II.aren alde egin zuen, probintziako gainerakoek Don Karlosen alde zeuden bitartean. Karlistek hiria setiatu zuten, baina britainiar tropek setioa hautsi zuten (1835).
Lehen Karlistadaren ondoren, Isabel II.a Espainiako erreginak Donostia aukeratu zuen udaldiak igarotzeko (1845) eta horrek hiria modan jarri eta aberastu egin zuen. Gipuzkoako hiriburua izendatu zuten (1854), Foru Aldundia Tolosan mantendu arren. Ondoren, harresiak bota (1864) eta hiria hedatu egin zen. Egungo hirigunea sortu zen Antonio Kortazar zabalgunea izena hartuta, Urumea ibaiari lurra irabazi eta bertako paduretan auzo berriak sortu ziren. Donostia zerbitzutarako hiria bilakatu zen. Bigarren Gerra Karlistan liberalen alde jarri zen berriro eta karlisten setio eta bonbardaketak pairatu behar izan zituen 1875eko irailetik 1876ko otsailera arte. Bigarren Karlistadaren ondoren Alfontso XII.aren (1874 - 1885) bigarren emazte Maria Kristina erregeorde alargunak (1885 - 1902) Miramar jauregia hartu zuen udako egoitzatzat eta Donostia bihurtu zuen Espainiako Gortearen udaldiko hiri nagusia.
Donostia "Belle Epoque" boladan sartuta zegoen: 1888an hasi zen eraikitzen Artzain Onaren eliza, 1953an katedrala izendatua, eta 1897an bukatu zen; 1912an inauguratu ziren Igeldoko funikularra, Victoria Eugenia antzokia eta Maria Kristina hotela. 1914an piztu zen Lehen Mundu-Gerra eta Europako jende dirudun asko Donostiara etorri zen, haien eraginez du Donostiak frantses estiloko etxe eta eraikuntza ugari. 1925ean Kasinoak eta jokoa debekatu ziren, orduan kasinoa eta gaur egun udaletxea dena itxi zuten. 1937ko uztailaren 18an Frankoren tropek Bigarren Errepublika Espainolaren kontra altxa eta diktadura etorri zen.
Espainiako Gerra Zibilaren hasieran errepublikaren alde egin zuten donostiarrek, Loiolako kuarteletan zeuden militarrak izan ezik, baina, 1936ko irailaren 13an Mola jenerala eta Beorlegiren tropek hiria hartu zuten. Francoren diktadurapean kontzertu ekonomikoak ezabatu egin ziren eta Gipuzkoa eta Bizkaia "Probintzi traidoretzat" hartu zituen. Franco hil ondoren, Espainian erreforma egin zen eta 1978ko abenduaren 6an Konstituzio berria ezarri zen. Gernikako estatutuaren bidez, kontzertu ekonomikoak, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia (1981) berrezarri ziren.
Iturria: Elhuyar/ Lur/ Auņamendi