|
|
||
|
puntubi.com |
|
|
>Gernika-Lumo Historia |
|
||
Gernikako ibarra Madeleine alditik ere leku aberatsa izan da gizakiarentzat, horren lekuko da Santimamiņe kobazuloa, egungo Kortezubiko Basondo auzoan. Bertako margoei esker badakigu ibar hauetan baso handiak izan zirela, eta horietan oreinak, basurdeak eta beste animaliak bizi zirela.
Neolitikoan, (K.a 5.000) eta klima leunagoa bazen ere, Santimamiņeko biztanleek ez zuten kobazuloa utzi. Garai horretarako, euskara eratzen hasi zen, orduko gizakien loturako eta komunikazioko protohizkuntza. Brontze Aroko garaikotzat hartu da Gernikako hilerrian aurkitutako brontzezko gezi mutur bat. Laurogei eta hogeita hamahiru zentimetro neurtzen du. Burdin Aroko kultura indoeuroparra, berriz, k.a II. mendearen inguruan nabaritu zen, Leku estrategikoetan ezarri eta tontor jakinak aukeratu zituzten; horietatik, komunikazio bide nagusiak kontrolatzen zituzten, baita ibai nagusien bideak ere. Kultura horretako aztarnak ondoko herrixketan aurkituko ditugu: Marueleza (Nabarniz), Kosnoaga (Gernika) nahiz Iluntzar (Nabarniz) eta Gaztiburuko Santutegia (Arratzu). Erromatarrak Euskal Herrira etorritako garaikoa da Gernikako itsasadarra, Bizkaiko lurraldean, aztarnarik gehien dituena: Morgako hilarria (IV. mendea), Foruko Haitzaren gauzak, Portuondoko ezarkuntza eta kostaldeko beste batzuk. Horiek berezko aldapetan daude, itsasadarraren ezkerreko hegalean, kabotajeko itsas-trafikoari lotuta, baita eremu horretako natur baliabideen ustiapenari lotuta ere (burdinaren eta marmolaren meatzeak). Mito eta historiaren arteko mugan dago Jaun zuriaren buruzko alegia. Bizkaiaren sorreran, Asturiasko Alfontso III.a bitan saiatu omen zen (866 eta 909) baskoiei irabazten. Gernika, kostaldeko Jakue bideko igarobidea zen eta Antso III.aren garaian, Bizkaiko mugak Nafar-erresumako lurren barruan zeuden. Bizkaian ezagutzen den Lehen Forua Durangokoa da, Nafarroako Gartzia III.a Santzez erregeak emana (1051); Hala ere, historialari batzuen iritziz hori ez da guztiz zuzena, Durangok soilik jaso baitzuen delako forua eta garai hartan Bizkaiko jaurerria egungo Markina, Gernika eta Bilboko zati batek bakarrik osatzen baitzuten. Erdi-Aroan, berriz, Lope Iņigez Ezkerra Bizkaiko I. jauna izan zen Bizkaian jaurerri-erregimena sartu zuen lehen jauntxoa. 1076an, Nafarroako Antso IV.a Peņalengoa hil zutela aprobetxatuz Gaztelako Alfontso VI.a Errioxan, Bizkaian eta Gipuzkoan sartu eta Aragoiko Antso V. Ramirez-ekin banandu zuen Nafarroako erresuma. Diego Lopez Haroko Bizkaiko VIII. jaunaren errepresiotik ihesi Ermandadeak Gernikan bildu ziren. Nafarroako erresumatik kanpo eta gaztelarren mende, gatazka garai luzea hasi zen 1280. urte inguruan. Ahaide Nagusiak elkarren aurkako borrokan hasi ziren. Europa osoan zabaldua zen Erdi Aro odoltsuan hiribilduak sortzen hasi ziren, merkataritza eta artisautza lantzeko gainerako landa zabaleko biztanletik aparte. Bizkaiko elizateetako jendea eta hiribildutako jauntxoen artean anai arteko borrokan hasi ziren. Bizkaian, Abendaņo (Arratia) eta Salatzar (Enkarterriak) etxeak ziren leinu ganboatar nagusiak eta Butroe (Larrabetzutik Plentziaraino), Muxika (Gernika- Busturia) eta Salzedo-Marrokin (Enkarterriak) etxeak oinaztar nagusiak. 1321ean, jada, Bizkaiko alkateen batzarrak egiten ziren Gernikan. Horrela dago jasota Legizamon dorretxea suntsitu ondoren Bilboko jauntxoekin Diego Perez Legizamongo oinordekoek sinatutako bakearen agirietan. Gernikan sinatu behar izan zuen ere Bizkaiko X. eta XII. Haroko Maria Diez andrearen senarra Gaztelako infante Joan II.ak. Eta gauza bera egin zuen Alfontso XI.ak 1333an. 1366ko apirilaren 28an, Don Tello kondeak Gernikako hiribilduari "Herri Gutuna" eman zio, herria lehendik baitzegoen. Gernika hiribildua leku estrategikoan kokaturik zegoen; batetik, Bermeotik Durangorako bideek; eta bestetik, Bilbotik Elantxoberako nahiz Lekeitiorako bideek osaturiko bidegurutzean baitzegoen. Gainera, berezko bide bat ere bazen, itsasadarra alegia; bertara, itsasontziak Susoko Portua deritzonaren etxeraino iristen ziren. Gernika bultzatzeko arrazoien artean, merkataritzari loturiko batzuk ere egon ziren. Gerora, Gernikak euskal hiribilduaren ohiko hirigintza-itxura hartu zuen; zenbait kale paralelok: Goienkale, Azokakale, Artekale eta Barrenkale, baita zeharkako kale bat ere: Santa Maria; halaber, hiriko barrutiaren muturretan kokaturiko elizak ere baziren. XVIII. mendean Gernikarraren eguneroko jarduerak nekazaritza (laborea, barazkiak eta frutarbolak), artisautza (errementariak, jostunak, zapatariak, linuaren fabrikazioa...) eta merkataritza ziren (merkantzien garraioa eta salmenta). Plaza bat zegoen hirigunean, eta bertan Udaletxea; espetxe publikoa zuen, Jaurerri osoko gaizkileak zigortzeko, baita Ospitale bat eta Erruki-etxea ere, bertako pobreak hartzeko. Mende horiek izandako beste ezaugarri bat, bestalde, ondoko herriarekin izandako gatazka izan zen, Lumoko elizatearekin izandakoa alegia; gatazka hori jurisdikzio mailako arazoek eragin zuten, eta horiek ez ziren 1882ra arte konpondu, herri biak bildu eta Gernika-Lumo sortu zutenen arte. Euskal Herria Industrializatze azken aldian, XX. mendean, iritsi ziren industriak. Biztanleriak etengabeko gorakada izan zuen; 4.500 biztanletatik 6.000tara iritsi zen, 1936an. Gernikako muino txiki batean Juntetxea eta Arbola daude. Euskaldunen arteko ohitura zaharra arbola baten azpian biltzea zen, batez ere haritz baten azpian, komunitate osoko interesak erabakitzeko (ohitura hori nahiko arrunta zen Erdi Aroko Europan). Bizkaiari dagokionez, lurralde administratibo bakoitzak (Merindadea) bere arbola zuen. Mendeen joanean, Gernikako arbola nagusitu zen, eta hori Lumoko elizatean zegoen; bertan, Gernikazarra izeneko ingurua zegoen, harizti eta baseliza batekin. Arbola horren azpian, Bizkaiko legeak idatzi ziren 1876ra arte; herri guztiek ordezkariak (batzarkideak) bidaltzen zituzten bilkuretara (Batzar Nagusiak). Demokrazia mota edota askatasuna errespetatzeko modu hori Rousseau filosofoak iruzkindu zuen, baita William Wordsworth olerkariak, Tirso de Molina dramaturgoak eta Iparragirre koblakariak ere (GERNIKAKO ARBOLA ospetsua). Bizkaiko Jaurerria Gaztelarren mende erori ondoren, errege gaztelarrak Gernikara joateko ohitura sartu zen, Bizkaiko Foruak errespetatzeko juramentua, Arbolaren azpian egitearren. Francisco de Mendietak jaso egin zuen, "El besamanos" izeneko koadro batean, Fernando II. Inkisizioko erregeak 1476ko uztailaren 30ean egindako Foruen juramentua. Borboiko Don Karlos erregegaia, karlistadetan, Gernikara joan zen 1875ko uztailaren 3an, Foruen juramentua egitera. XIX. mendean zehar, Juntetxean bilera asko egin ziren, bai Batzarretarako eta bai egintza politikoetarako. Espainian Frankok gidatutako estatu kolpearen ondoren piztutako Gerra Zibilean, Kondor legioko hegazkinek bonbardatu eta erabat suntsitu zuten Gernika, 1937ko apirilaren 26an; hegazkin horiek Hitlerrek bidali zituen, Francoren armadari laguntzeko. Lau ordutan, Alemaniako hegazkinek erraustu egin zuten herri osoa. Esperimentuzko egintza horren bitartez, hasiera eman zitzaien ondorengo gerretan hain ugariak izango ziren sarraskiei. 1987an, bonbardaketaren 50. urteurrena ospatu zen, Hiri Martirien Munduko Elkartearen Aurrebiltzarrarekin batera. Biltzar hori gero Madrilen egin zen, eta bertara mundu osoko ordezkariak bildu ziren. Harrezkero, Gernika-Lumo Elkarte horren barruan dago. Hurrengo urtean, 1988an, E. Chillidaren "Gure Aitaren Etxea" monumentua inauguratu zen; eta 1990ean, horren ondoan Henry Moore eskultore ingelesaren "Large Figure in a Shelter" lana jarri zen. Bi monumentu horiek Gernika-Lumo Bakearen Hiria dela adierazten dute. "Gernika, bakearen sinboloa" izeneko ikurra oinarri buruturiko jardueren ondorioz, zenbait hirirekiko senidetzeak egin dira, eta lankidetzarako konpromezuak hartu dira kulturan, hezkuntzan eta industrian: Berga (Cataluņa-1986), Pforzheim (Alemania-1988) y Boise (Idaho - EEUU 1993). Iturriak: Auņamendi entziklopedia; Gernika-Lumoko udal web orria; |
||
|
5.- Bidali informazioa |
|||
|
|