Gartzia de Salazar, Lope
Lope Gartzia de Salazar Muskizen jaio zen 1399an eta Portugaleten hil 1475ean. Gaztetandik oinaztar eta ganboarren arteko borroketan ibili zen. Butroeko Joanarekin ezkondu (1425) eta bederatzi seme-alaba izan zituzten. Joan II.a Trastamarakoak premutza sortzeko eskubidea eman zion eta orduan hasi ziren semeen arteko borrokak (1451), premutzarekin batera Portugaleteko agintaritza eta beste zenbait ondasunen jabe zen eta bere seme guztiek boterea lortu nahi izan zuten.
Bandoen arteko borroketan seme batzuk hil eta Joan eta Pedrok bere aita preso hartu zuten. Portugaleteko Salazar dorretxean preso zegoela "Cronicas de Vizcaya" liburua idatzi zuen eta "Bienandanzas e Fortunas" lan historikoa idazten hasi zen, baina bukatu gabe hil zen, pozoituta.
Iturria: Elhuyar