<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Burdin Aroa
Burdinaren lanketa zabaldu zen historiaurreko aroa (II-I. milurtekoak), Metal-Aroaren bigarren aldia dena. Harria- Brontze- Burdin Aroen fase teknologiko eta kulturalen artean azkena da burdinarena. Bertan brontzeari lekua janez joan zen metal berria, armak eta tresnak egiteko material gogorragoa eta egokiagoa zelako. Aurreko aroek bezala, burdinarenak ere garai kronologiko desberdinetan du hasiera, lurraldearen arabera. Ekialde Hurbilean Burdin Aroa K.a. XIII. mendean hasi zen. Txinan, berriz, K.a. VI. mendean. Dena dela, K.a. XII. mendetik X. mendera bitartean oso zabaldu zen burdinaren metalurgia. Mendebaldeko Europan aro honek K.a. lehen milurtekoa soilik hartu zuen, eta bertan bi garai bereizi ohi dira: Lehen Burdin Aroa, Hallstatt (Austriako aztarnategia) garaia deitua, oraindik brontzezko apaingarriak eta tresneria erabiltzen zutenekoa, eta Bigarren Burdin Aroa, La Téne (Suitzako aztarnategia) garaia deitua. Garai honetan arte zeltikoa izan zen nagusi eta armagintzan asko aurreratzearekin batera, urre, zilar nahiz brontzezko lehen txanponak erabili zituzten.
Euskal Herriari dagokionez, kultura hau Arabako eta Nafarroako hegoaldera bakarrik heldu zela uste dute adituek, eskualde horietan soilik aurkitu baitira kultura horri dagozkion aztarnategiak. Burdinaren teknologiaren zabaltzeak aldakuntza handiak ekarri zituen herrien kultura orokorrean eta haien arteko harremanetan.
Loturak: protohistoria
Iturria: Harluxet