<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
hiribilduak
Hainbat herrik, arrazoi historikoak direla medio, hartutako izena. Europan baino beranduago hasi zen Euskal Herrian Erdi Aroko hiri-eraikuntza. Nafarroako erresuman XII. mendean sortu ziren lehenak. Bizkaiko jaurerrian, ostera, ez zen XIII. mendearen amaiera aldera arte hiribildurik azaldu. Uharte gisa txertatu ziren hiriak jatorrizko usadio edo ohituretan eta garaiko landa-harreman sozio-ekonomikoetan. Udal-foruen bidez gobernatzen ziren, errege-zuzenbidearen menpe egonik. Honek berebiziko garrantzia izan du geroko egitura sozio-ekonomikoan, merkataritza, komunikabideak, eta industria bera ere, baldintzatuz eta haietara egokituz.
Bi izan ziren euskal hiriek jasotako foruak, nagusiki: Jacakoa eta Logroņokoa. Foru hauen bitartez, hiribildu izendaturiko populazioetako biztanleek hainbat eskubide bereganatu zituzten merkataritzan, eraikuntzan eta zerga-bilketan. Esan liteke hirigintzaren oinarria ezarri zela udal-foru hauen bitartez. Hainbat arrazoi egon ziren hiribilduen sorreran. Nagusia ekonomikoa izan zen. Nafarroako zenbait hiri Jakue-bidea aitzaki bertan kokaturiko merkatari frankoek salerosketak indar zitzaten izan ziren sortuak.
Gaztelako erregeek Euskal Herriari emaniko hainbat hiribildu-foruen funtsa hango produktuei irtenbide bat bilatzea izan zen: Gaztelak ekoizturiko artilea esportatzeko bidea itsasoa zen, eta euskal kostaldeak eskaintzen zuen portuak egiteko aukera errazena. Arrazoi militarrak ere egon ziren hirien sorkuntzan. Hala eman zitzaien hiri-gutuna Gipuzkoako Segurari eta Tolosari. Erdi Aroak ekarri zuen garapen ekonomikoak, bestalde, hazkunde demografikoa eragin zuen. Biztanleak babesteko eta haien beharrizan kolektiboak nolabait betetzeko ere sortu izan ziren hiribilduak.
Iturria: Harluxet