Tello, Don
Don Tello ez dakigu noiz jaio zen eta Medellín-en, Badajoz, hil zen 1370ean, Bizkaiko pertsonaia historikoa. Alfontso XI.aren eta Doña Leonor Guzmanen sasiko semea. Bizkaiko konde (1353-58; 1366-70) eta Aguilarko jauna izan zen. Lapurreta eta beste zenbait delitu egiteagatik Aragoira ihes egin behar izan zuen (1352). Joana Lara Diaz de Harorekin ezkondu (1353) eta, Bizkaiko foruak zin egin ondoren, "Bizkaiko jauna" titulua jaso zuen. Fadrike eta Enrike Trastamara anaiekin bat eginda Pedro I.a Ankerraren kontra altxatu zen (1354). Pedrok altxatuak zigortu egin zituen eta Don Tellok Bizkaian babestu zen. Pedro I.a Bizkaia menperatzen saiatu zen, baina bizkaitarrek aurre egin zioten (1355).
Bitartean, bere koinatu Don Joan Aragoikoaren kontra ere ibili zen, honek Bizkaiko jauna izateko eskubidea aldarrikatzen baitzuen. Don Joanen erasoak batetik eta Pedro I.a Ankerraren botereak bestetik, honen aginduetara jarrarazi zuten. Erregearekiko leialtasuna zin egin behar izan zuen, baina berehala prestatu zuen Pedro I.aren kontrako erasoa (1358). Erregearen tropak Bizkaian sartu eta atzetik ibili zitzaizkion; honek Baionara ihes egin zuen. Don Tello atzeman ezin zutenez, emaztea eta koinatu-koinatak hil zizkioten gaztelauek. Pedro I.a hildakoan Don Tello Bizkaiko jaurerrira itzuli zen eta jaun-titulua berreskuratu zuen.
I: Harluxet