Santimamiņe

Bizkaiko haitzuloa, Kortezubiko Basondo auzoan. J.F. Bengoetxeak aurkitu zituen bertako pinturak (1916) eta H. Breuil-ek grabatuak (1917). E. Egurenek giza aztarnak aurkitu zituen sarreran. Bizkaiko Foru Aldundiak, haitzuloaren garrantziaz jabetuta, erosi eta ikerketa sakonak agindu zituen. T. Aranzadi, E. Eguren eta J.M. Barandiaranek egin zituzten lehen indusketa-lanak; Paleolitotik erromatarren garaira bitarteko aztarnak aurkitu dira.

Hiru gela edo barrunbetan banatua dago: Ganbara aurrea eta Ganbara izeneko aretoetan Madeleine aldiko aztarnak aurkitu dira. Pintura eta grabatuak dira, eta harriaren erliebeaz baliatu ziren animaliak irudikatzeko; irudi gehienak beltzez pintatuak dira, baina gorriz eginak ere badaude. Askotan, ingerada edo amaitu gabeko lerroa baino ez da azaltzen; eta bestetan, barruko xehetasunak ere ematen dira. Inguru hauetan oso ohikoak ziren zaldia eta bisonteaz gain, orein, basahuntz eta elur-oreinak ere azaltzen dira. Hezurrezko pieza grabatuak aurkitu ziren sarreran. Monumentu izendatuta dago.

Loturak: Azil aldia;

I: Harluxet/ Lur-entziklopedia