Bizkaiko X. eta XII. andrea Haro-ko Maria Diaz I.a
Haroko Maria Diaz I.a Bizkaiko X. eta XII. anderea izan zen (1289 - 1295; 1310-1322 eta 1326-1334). Bizkaiko VIII. jauna Lope Diaz III.aren, alaba. Gaztelako Joan infantearekin ezkondu (1287) eta hiru seme alaba izan zituzten: Lope, Maria eta Joan Begibakarra.
Bere senarra Joan Infantea, Sancho Ausartaren anaia eta Fernando IV.aren osaba izan zen. F. Sesmero-k Bizkaiko jaurerriaren kronologia ematerakoan Mariaren agintea hiru alditan banatzen ditu: lehena (1289 - 1295), nahiz eta benetako boterea Gaztelako Enrike infantearen eskutan zegoela aipatu; bigarrena (1310 - 1322), bere osaba Diego Lopez V.a hil zenean (1310), orduan jaso zuen Bizkaiko andre titulua. Alabaina, Gaztelako Fernando IV.ak Diego Lopez V.aren semea Lopez Diazi eman zion titulua (1311), hala eta guztiz ere, badirudi erregearen erabaki hori ez zela gauzatu.
Portugalete (1322), Lekeitio (1325) eta Ondarroa (1327) hiribilduak fundatu zituen. Ondoren, 1322an, bere seme Joan Diaz Begibakarrak hartu zuen Bizkaiko jaun titulua, baina hori hil zutenean (1326), Mariak hirugarren aldiz, (1326 - 1334) titulua berreskuratu zuen. 1334an tituluari uko egin zion eta Joan Begibakarraren alaba Maria Diaz III.ari eman zion.
Iturria: Elhuyar/ Auņamendi Entziklopedia