<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Brontze-Aroa

Brontzearen lanketa zabaldu zen historiaurreko aroa (IV-II. milurtekoak), Burdin Aroaren aurrekoa. Gizadiaren zibilizazio materialari -eta berezikiago tresnak eta ontziak egiteko erabilitako material nagusiari- dagokionez, harriaren aroari jarraikitzen zaio metalen aroa eta hau bitan banatu ohi da: Brontze-Aroa eta Burdin Aroa. Zehazkiago Neolitikoari -Harri-Aroaren garai berandukoenari- jarraikitzen zaio Brontze-Aroa. Horren hasiera-garaia desberdina izan zen lurralde batetik bestera: Grezian, Danubioko estatuetan, Iberiar penintsulan eta Britainiar uharteetan K.a. IV. milurtekoan hasi bazen, Txinan, adibidez, II. milurteraino ez zen hasi.

Brontzearen osagarrietakoa den kobrearen erabilera antzinagokoa zen, Kalkolitikoa alegia.Hala ere, eta neurri batean Neolitikoaren parte ere izan zen garai horri, Lehen Brontze-Aroa deitu ohi zaio. Hasieran lurraren azalean aurkitzen zuten mea, zangak eginez; gerora etorri ziren lur azpiko meatzeak. Zibilizazio honetako herriek hildakoak ehortzi egiten zituzten eta hilobiak lur-tontorrekin edota harrespilekin adierazten zituzten. Gerora, hildakoak erretzeko ohitura hartu zuten eta errautsen ontziak leku berezietan lurperatzen zituzten. Eguzkiaren gurtza behin eta berriz errepikatzen da garai hartako pinturetan, animalia, ontzi eta aizkoren irudiekin batera. Euskal Herrian Aroaren azkenaldira arteko brontzezko tresna gutxi aurkitu da; Lehen Burdin Aroan, berriz, garapen handia izan zuen brontzearen metalurgiak, aurkitutako arma, tresna eta apaingarriak horren lekuko direlarik.

Loturak: Bolinkobaprotohistoria;

Iturria: Harluxet