|
|
||
|
puntubi.com |
|
|
>Gernikako bonbardaketa |
|
||
Francok estatu kolpea eman eta haren ondorioz piztutako Espainiako Gerra zibilean egin zituzten faxistek lehenengo bonbardaketa terroristak. Otxandion, 1936ko uztailaren 22an; gero, Irunen, Donostian eta beste hainbatetan. Gogorrenak, ordea, Durangon eta Gernikan egin zituzten.
Mola jeneralak Eibar hartu zuen 1937ko apirilaren 26an, eta Bilborako bidean, izuaren estrategia erabilia zuen aurrera egiteko. Errendizioa eskatzen zuten propaganda orriak botatzen zituzten hegazkinetatik: Bizkaia osoa birrinduko dugu, idatzi zuten paperetan. Egun berean, Gernikan, Francoren aliatu alemaniarren aire-armadako Condor legioa Gernikako herria bonbardatu zuen. Herrian azoka-eguna zen eta bertan bildutako herritarrei eraso zieten. Garai hartako gerra-material aurreratuena proba moduan erabili zuten. Herria txiki-txiki eginda utzi zuten Alemaniako Kondor Legioko guda-hegazkinek eta bonbardaketaren ondoren, Mola jeneralak Gernika hartu zuen. Gernikak 8.000ren bat biztanle zituen eta Gerra frontetik 30 kilometrora zegoen. Arratsaldeko 16:30ak aldera, Dornier 17 lehenengo hegazkin bat agertu zen herrian. 50 kiloko 12 bonba jaurti zituen. Berehala agertu ziren Italiako Savoia motako beste hiru bonba-hegazkin. Segidan, hiru ordu eta erdiz, Condor Legioaren gainerako hogei hegazkin inguruk, Heinkel 11 eta Junkers 52ek, 30.000 kilo lehergailu jaurti zituzten herri zibilaren eta defentsarik gabeko biztanleen gainera. Askotariko bonbak erabili zituzten, pisu eta eragin ezberdinekoak, lehertzekoak eta su-eragileak. Bonba txikiek sua zabaldu zuten herri osoan. Bitartean, Heinkel 52 ehiza-hegazkinek metrailetaz tirokatzen zituzten ihes egiten ari zirenak. Lehenengo bonbekin kanpaien hotsak entzun eta babeslekuetara jotzerik izan zuten herritar askok. Beste zenbaitek mendira ihes egin zuten. Ehunka lagunek, ordea, ez zuten non ezkutatzerik izan. Egungo historialari gehienek onartzen dute 400 hildako inguru izan zirela. Frankok beti ukatu egin izan zuen bonbardaketarekin zerikusia izan zuela eta bertakoei eta komunistei egotzi zien sarraskia; baina gaur egun, guztiz frogatua da aire-armada alemaniarrak Francoren baimena eta laguntza izan zuela. Helburu militar jakinik gabe (populazio zibila soilik jomuga alegia), munduan egindako lehen bonbardaketa terrorista Gernikakoa izan zen. Gertaera historiko hori gai hartuta Picassok hain ospetsua bihurtu den "Gernika" koadroa margotu zuen. Iturria: Elhuyar |
||
|
5.- Bidali informazioa |
|||
|
|