<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Jaun Zuria
Iparraldeko lur hotzetatik, Eskoziatik-edo, Euskal Herriratu zela diote batzuk. Beste batzuk, ordea, Sugaar eta Mundakako printzesa baten (Marirena beste batzuen esanetan) semea dela diote. Izotza bezalako azal zuria zeukan, gariak eguzkitan distiratzean duen antzeko koloreko adats luze, eta zeruari kendutako isla urdina begietan.
Laster egin zen Bizkaiko lurraren jaun eta jabe. Denek miresten zuten Jaun Zuria, batez ere, mairu eta turkoak lur hauetatik bidaltzeagatik. Gaztelako erregeak Jaun Zuriaren beharra zuela-eta Butroeko gaztelu atzean, mairuak izutzeko ezpata lagata, erregearen gerla-osteen buru jarri zen. Arrosa andrearekin ezkondu omen zen, baina ez zuten seme-alabarik izan. Hala ere, inguruko emakume askok txoratuta bere egina zuten, Jaun Zuria gizon gihartsu eta lerdena baitzen. Horretatik, Bizkaiko kostaldeko azal zuri eta ile hori jaiotakoak haren nolabaiteko oinordekoak direla uste da.
Historia errealean, Jaun Zuria izena eman izan zaio Bizkaiko III. jauna Haroko Diego Lopez I.ari. Alegiak dio Arrosa andreak senarra gerran hila zela ustean, Errodrigo izeneko kondearen besoetan jarri zela, baina Jaun Zuria itzuli eta biak erail zituen ezpataz. Beste kondaira batek dio emaztea eta amorantea hil ondoren, burua galdurik, itsasontziz urrundu eta Ameriketara ere iritsi zela.
Iturria: Berriatik moldatua