<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Jakue Bideak

Asturiasko errege Alfontso II.a Garbiaren garaian, 813an, Jakue edo Santiago apostoluaren hilobia aurkitu omen zuen Paio izeneko anakoreta batek; geroztik, Europako kristau-erromesen topaleku izan da Galiziako herri hori. Historian zehar, Europako erromesek Euskal Herria zeharkatu ohi dute bidez bide, eta bide hauetatik barrena heldu zaigu euskaldunoi garaian garaiko Europan indarrean izan diren kultur, ekonomi eta pentsamendu arloko mugimenduak (ikus mapa eta ibilbideak).

Antso I.a Gartzesek Naiarako lurrak bereganatu ondorengo urteetan (923) ezagutzen da bertatik igarotzen ziren erromesen berri. Geroago, Antso III.a Nagusiak (1004-1053) sendotu eta babestu egin zituen bere mendeko Euskal Herriko lurrak zeharkatzen zituzten bidexkak: Bordeletik etorri eta kostaldea zeharkatzen zuena; Mauletik, Izuratik eta Orreagatik barrena Iruņean batzen zirenak, eta Mendebaldetik Jaka eta Zangoza zeharkatu ondoren Garesen bilduta Naiararantz abiatzen zena, handik Leon-Gaztelan barneratzeko. 

Garai bertsuan, Clunyren erregela beneditarrari jarraitzen zioten erromesak zabaldu ziren bide berri hauetan; Europako orduko ideia erreformazalea jarraitzen zuten monasterioak sortuz batera. Segurtasunak bidea ireki zien erromesaldi handiei. Haien lekukotza daukagu XI. mendearen aldetik, adibidez, Aimeric Picaud-ek eta beste batzuek idatzitakoa.

Gaur egungo bide ezagunena, Iruņeko eta Errioxako lurretan sartzen dena, sendotu izanagatik ez zen kostaldekoa baztertu, ezta Arakil eta Arabako lautadan barnekoa ere. Horren lekuko dira han-hemenka zabaldutako aterpetxe, jatetxe eta apostoluari eskainitako ermita eta kofradia.

Iturriak: >Joseba Intxausti; >Roldan Jimeno Jurio; >Berria;