Bilbo
Erromatarrak Euskal Herrira iritsi zirenean (K.a. I. m.), euskal tribuak bizi ziren Bilbo inguruan. Autrigoi eta karistiarren lurraldea zen eta itsaso portu bat omen zegoen kostaldean, "Amamanum Portus" edo "Flaviobriga" deitutakoa hain zuzen. Bilbotik gertu dauden meategietako burdina ustiatzen zuten erromatarrek eta horrek eragin zuen burdinola ugari sortzea. Itsasadarrak tarte luze baten barrena nabigatzeko aukera ematen zutenez ontzigintza eta arrantza egiten zen. Euskara zen bertakoen hizkuntza eta bizirik dirau egun ere. Portua zaintzen zuen Malvecin gaztelua aipatzen da 1076an, Nafarroako Antso VI.a Jakitunak Gaztelako Alfontso VII.ari eskatzen dio Malvecin (egungo "Malmasin") gaztelua itzultzea, aurrez gaztelarrak indarrez hartu zuena. Enrike II.a Plantegenet Ingalaterrako erregearen laudoan, berriz, Oiarso eta Kastro Urdiales artekoak Nafarroako lurrak direla ebatsi zuen. Bilbo nekazal eta arrantzale herri txiki bat zen eta San Anton elizan egin diren azken indusketen arabera inguru hori harresitua zegoen XII. mendean; gero, Santiago katedralaren inguruan eratu zen Erdi Aroko hiri klasikoa: zazpi kale estu zituen eta hura ere harresiz inguratua zegoen. Bilbo, Haro leinuaren Bizkaiko XI.a jauna Diego Lopez V.ak berreraiki zuen (1300).
Gaztelako produktuak Bilboko itsasadarrean ontziratzen ziren eta hiriak Alfontso XI.aren onespen eta faboreak izan zituen (1315); horrek, Bermeok zuen itsasorako nagusitasuna kendu eta Bilbori eman zion. Harresiz kanpoko zabaluneak 1483z geroztik egin ziren. Geroztik, Gaztelako koroaren portu nagusia izan zen; Burgosko merkatariek bertatik bideratu zuten itsasoko merkatua eta Atlantiko itsasoko beste portuekin harreman handiak izan zituen (XV. mendea). Itsas trafikoan Bizkaiko burdina eta Gaztelako artilearen monopolioa berak zeukan; 1511ean Joana Eroa Gaztelako erreginak Merkataritza kontsulatuak sortzeko baimena eman zuen eta Bilboko merkatariek Brujas eta Nantesko kontsuletxeak zabaldu zituzten.
Bilbo eta Bizkaiko gainerako beste herrien artean gatazka ugari sortu zen XVII - XVIII. mendeetan: Bilboko merkatariek ez zituzten gustuko izan foruak, monopolioaren kontrakoak baitziren; Bizkaiko lur zabaleko elizateen eta hiribilduen arteko etsaigoa gero eta nabarmenagoa zen. Gatzaren altxamenduan (1631 - 1632 eta 1633-34), Bilboko agintariak erregeen alde egin zuten, baina, Bizkaiko beste jendeak ez; Felipe V.ak aduanak kostaldera eramatea agindu zuenean, 1718 matxinada, horren alde jarri zen Bilbo, Gaztelako artilearen eta abantailarik gabe utziko zuela mehatxatu eta gero; Zamakoladan, berriro ere, Bilbo eta Bizkaia aurrez aurre jarri ziren (1804 - 1807).
Espainia eta Frantzia arteko gerran, Napoleonen garaian, frantsesak Bilbon sartu ziren 1808ko abuztuan eta 1813 arte egon ziren bertan. Karlistadetan, liberalen aldekoa zenez karlisten helburu nagusi izan zen; behin eta berriro setiatu arren ez zuten inoiz hirira sartzea lortu. Lehen Gerra Karlistan hiru aldiz setiatu zuten (1835, 1836 eta 1837); 1835eko ekainaren 10ean hasitako setioan, 15ean zauritu zuten Zumalakarregi jeneral karlista eta 24an hil zen. Bigarren Gerra Karlistan ere etengabeak izan ziren setioak (1873ko abuztutik 1874ko maiatzaren 2a arte).
Lehen Gerra karlistaren ondoren hasi zen Bilbo gaur egungo itxura hartzen. Bilboko burgesiak, portuaz baliatuz, Somorrostroko meategiak ustiatu eta Santa Ana Bolueta Labegaraiak eratu zituen. Bilbok portuaren zabalkuntzarekin batera ekin zion hiria zabaltzeari, eta inguruko elizate asko beretu zuen, Abanto 1890... Industri hazkuntza medio, oligarkia kapitalista sortu zen eta langile etorkinek mugimendu sozialistaren inguruan antolatzea indartu zituen, baina, hazkunde industrialari foruak kentzea batu zitzaion eta horrek, euskal nazionalismoaren sorrera bultzatu zuen bizkaitarren artean. Horrela, XX. mendearen hasieran nazionalismoa eta sozialismoa ziren nagusi; Bigarren Errepublika espainolaren garaian, EAJ alderdia zen nagusia Bilbon, eta sozialistak (PSOE) ibaiaren ezkerraldean (1931). Espainiako Gerra-Zibila hasi zenean (1936), errepublikaren alde azaldu ziren bilbotarrak. EAJ-ren eta ondoren, Euzko Jaurlaritzaren egoitza izan zen. Gerra zibilean Frankoren tropei aurre egiteko "burdin gerrikoa" izeneko gotorleku-sistema eraiki zen (1936), baina hala ere, Mola jenerala Bilbon sartu zen Alejandro Goikoetxearen laguntzarekin, 1937an. Gerra ondoren, industrializazioari ekin zion berriro eta horrek, hazkunde handia ekarri zion Bilbori.
Iturria: Elhuyar/ Lur / "Navarra sin Fronteras inpuesta" T. Urzainki.