<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
1718ko matxinada, aduanen lekualdatzea
Borbon etxeak aginpidea hartu zuenean, monarkia federala zena zentralizatua izatera pasa zen. Felipe V.ak aduanen kontrola gehitu nahi izan zuen; batetik, erregearentzat diru sarrera gehiago eta maizago eskuratzeko, eta bestetik, lurralde guztiak eredu bakarrean sartzeko. Hori lortu nahian, 1717ko abuztuaren 21n barrualdeko aduanak itsaso portuetara eta, Frantzia eta Portugalgo mugetara eramatea legeztatzen zuen agindua eman zuen. Ordu arte, ordea, "euskal probintziak" Kantabriako Barrutiaren pean zegoen eta Gaztelako aduana erregimenean, aduanak Euskal Herria eta Gaztela artean zeuden: Urduņa, Balmaseda, Gasteiz...
Euskal Herrian ekoizten ziren produktuek ez zuten Gaztelako zergarik ordaintzen, ezta esportatzen zirenean ere, edo ordaintzekotan, zerga txikiak ziren. Era berean produktu inportatuak libre sartzen ziren Hego Euskal Herrian eta libre saltzen ziren orobat. Produktu horiek Gaztelan sartzen zirenean ordaintzen zuten zerga. Aitzitik, bertan ekoiztutakoak ez zuten zergarik ordaintzen Gaztelan. Hori aspaldi-aspalditik zen horrela. Euskal probintziek truke-libreko eremu baten gisa funtzionatzen baitzuten eta hori zen 1717ko errege dekretuak deuseztatu nahi zuen egoera.
Bistakoa da istiluak nonahi sortzeko legea zela hura. Hala ere, istiluak eta matxinadak kostaldeko probintzietan sortu ziren batez ere: Bilboko hinterland-a, Ibaizabal itsasadarra, Mundaka-Gernika, Bergara, Arrasate, Mutriku, Deba, Elgoibar, Eibar, Soraluze, Elgeta, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga, Oņati... Itsas portuetan eta inguruko nekazari guneetan izan zuen, beraz, indar handiena, eremu horiek inportazioaren menpetasun handia baitzuten; horrez gain, aduanen kokaleku berriek eremu horiei egiten zien kalte handiena.
Matxinadaren lehenengo istiluak 1718ko abuztuan izan ziren: zerga-biltzaile bat hil zuten Bilbon; Bermeon eta Algortan, berriz, aduana zaintzaileen itsasontziak erre egin zituzten. Istiluak larriago izan ziren irailaren 4tik aurrera. Egun hartan Deustua, Arrigorriaga eta Begoņa elizate hurbiletako nekazariak saldoan sartu ziren Bilbon, korrejidoreak agindua baliogabetuko zuen dokumentu bat sina zezan. Korrejidoreak uko egin zion dokumentua sinatzeari, eta ondorioak ikaragarriak izan ziren. Jaurerriko, hiribilduetako eta kontsulatuko gobernuaren arduradunen eta jauntxoen etxeak suntsitu egin zituzten, baita 1710ean ahaldun nagusi izan zen Migel Antonio de Castaņos-ek Gernikan zuen etxea ere. Matxinoek beste hainbat handiki erail zituzten: Enrike de Arana ahaldun nagusia Bilboko Hareatzan labankadaz hil zuten, aduanen lekualdatze dekretuaren eragile handiena izatea egotzita; Antonio de Escoizquiz eta Joan Gregorio Esterripa, Bilboko alkate eta zinegotzi nagusia Bermeon hil zituzten; Rocaverdeko markesa Bergarara ihes egin ondoren, Otxandion hil zuten; eta abar.
Nekazariak matxinatu bitartean bilbotarrak geldirik geratu ziren. Araupeko apaizek, ordea, jauntxo aberatsen alde jarri ziren. Handikiak komentuetan babestu ziren eta jesuitak aldaretako jaunaren irudia kalera atera zuten oldar uholdea gelditzeko asmoz. Bilbotarrek armak hartzea erabaki zuten, nekazarien beldur. Urriaren 10ean hiru jauntxo erail zituzten Bermeon. Protesta, Gipuzkoara zabaldu zen: Deba bailaran eta Bergaran indarkeri ekintzak izan ziren, zaldun askori eraso egin eta jauregiak erre zizkien. Gipuzkoako handikiek 400 gizoneko indar armatua eratu zuten liskarretatik babesteko. Gipuzkoako Tolosan Batzar berezia bildu zen irailean. Batzarrean erabaki zuten Madrilera mezulari bat bidaltzea "probintzia hauei lehen zuten askatasuna eta aduana eskubideak ordaintzeko salbuespena" berrezartzeko. Giroa lasaitze aldera-edo Alberoni ministroaren gutun batek erregearen dekretuaren esan nahia zehaztu eta "libre utzi zuen probintzi barruan kontsumitzeko ziren produktu guztien sarrera".
Felipe V.ak Bizkaiko gertaerak zehatz-mehatz aztertzeko hiru mila gizoneko tropa bidali zuen, Blas de Loyola mariskal gorena buru zutela. Bizkaiko jaurerriko agintarien beren esker ona erakutsi zioten eta 1719aren hasierarako Blas de Loyola-ren soldaduek ia Bizkaia osoa hartua zuten. Matxinadaren zapalketaren ondorioz 32 lagun hiltzera kondenatu zituzten, 31 Bizkaian eta 1 Gipuzkoan; gainera, kartzela zigorrak, isunak eta ondasun bahiketak agintzen zituzten sententzia asko eman zituzten.
Matxinoek beren eskari nagusia lortu zuten: 1722ko abenduaren 16ko abenduaren 16ko dekretu batek aduanak barrualdera eraman zituzten berriro, 1723tik aurrera. Azkenean, 1726ko abenduaren 22an, erregeak indultua eman zien matxinadan parte hartu zuten guztiei. Matxinadak ez zuen irabazle garbirik izan, baina, foru-eskubideak mehatxatuta gelditu ziren: aduanak lehengo tokian jarri ziren, indar-erlazio, ordea, ez zen inoiz izango 1717aren aurretik zen bezalakoa.
Iturria: Lur