<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Zamakolada

Bilbo hiria eta Bizkaiko jaurerriaren artean sortutako gora-beheren ondorioz piztu zen herri altxamendua edo matxinada (1804 - 1807). Bizkaiko jaurerriak bere itsas portu propioa nahi zuen eta Abandon portua eraikitzeko pausoak eman zituen. 1801ean, Gernikako Batzarretan Abanton eta Nerbioi ertzean merkataritza libreko portua eraikitzeko proiektua onartu zen. Bilbokoek, ordea, ez zuten beste portu lehiakiderik nahi, Bilbokoak Gaztelako Alfontso XI.aren onespen eta faboreak izan baitzituen, Bermeoren kaltetan nagusitasuna Bilbori eman zionean, 1315ean. Harez geroztik, Gaztelako koroaren portu nagusia zen eta itsas trafikoaren monopolioa berak zeukan.

Portu berriaren ideia sortu eta bultzatu zuena Simon Bernardo Zamakola izan zen eta berak lortu zuen Madrilen, Karlos IV.aren gortean, portua egiteko baimena. Espainiako gobernuari eskerrona adierazteko, foruen kontra egin eta Madriletik ezarri nahi zen soldadutzaren legeari oztoporik ez jartzea proposatu zuen Bizkaiko Batzarretan. Batzarkideak guztiz ados ez bazeuden ere, proposamena onartu egin zen 1804an. Herritarrek ez zuten, ordea, onartu eta egonezina nagusitu zen. Haserrea indarkeria bidez azaltzen hasi zen eta ezadostasuna jaurerri osora zabal ez zedin portua eraikitzeko proiektua geldiarazteko agindua eman zuen. Zamakola eta bere jarraitzaile sutsuek ihes egin behar izan zuten.

Matxinatuen eskariak bi ziren: portua eraikitzearen truke soldadutzari buruzko asmoan atzera egitea eta hori horrela, Batzar Nagusietan erabakitzea. Foru-Aldundian bilera-data ezarri zen, baina altxamendua jaurerri guztira zabaltzen hasi zen. Matxinatuek Zamakolaren jarraitzaileak Gernikako Batzarrean zeudela uste zuten, eta harantz abiatu eta atxilotzeko ideia zuten, baina, ekintza ez zen burutu. Korrejidorea Bilbora itzuli zenean giroa lasaitu egin zen; ondoren, Donostiatik eta Iruņetik zetozen tropak Bilbora iritsi zirenean Zamakoladan parte hartu zutenen kontra errepresio gogorra ezarri zuten: atxiloketak, erbesteratzeak eta isunak jasan behar izan zuten. 

Altxamendua zapaldu zenean, Zamakola Madrilera bidali zuten Godoy-rekin Bizkaiko foruen normalizazioa negoziatzera (1805), baina berehala burua joan eta erotzen hasi zen. Sendatzera Parisera bidali zuten; handik itzuli eta bere herrian hil zen, 1809an.

Loturak: >Jose Joakin Kolon Larreategikoa; >Murga Jose Maria; >Orbe Elio, Jose Maria

Iturria: Elhuyar